2014/01/01

San Silvestrean, Donostia - El Dueso - Donostia


Urte zaharra ohi bezala agurtu zuen Suziri Taldeak, korrika, baina berezia izan zen aurtengo San Silvestre lasterketa. Imanolen hutsuneak berezi egin zuen lasterketa, baina gure laguna oso presente egon zen proban.

Imanol El Duesotik "ekartzea" zen gure asmoa, espetxerako joan-etorrian dauden kilometroak guztion artean eginda. Donostiatik bertara iritsi eta bera bueltan ekartzeko 358km egin beharko lirateke, eta lasterketak 8,5km dituenez, 42 pertsona behar genituen Suziriko kamixetarekin abenduaren 31ean. Deialdiari erantzun zion jendeak, eta aise lortu genuen kopurua; marea urdinaren artean, 54 lagunek eraman zuten "Imanol Etxera" aldarria daraman kamixeta gris-berdea. Erraz esaten da.

Kuadrillari dagokionean, Agirre izan zen helmugaratzen lehen suziria. Espektatiba zegoen Endika eta bere artean zein izango zen aurrena; hanketan txispa izugarririk gabe, baina biriketatik ederki zihoan Agirre, eta 11. postuan heldu zen helmugara. Endika minutu erdira iritsi zen, 17. postuan. Urte gogoangarria izan du Iturengo mutilak. Borroka horretatik at egon arren, nabarmentzekoa da Urkiren postua eta denbora. 41. sailkatu zen, marka pertsonala birrinduz, eta pixkanaka gerturatzen ari da aurre-aurreko taldetxora.

Ondoren, beste multzo batean sar genitzake Aitor Erregerenak, Unai Rezabalek eta Iñigok. Gure zegamarrak, anaiarekin batera, erakutsi zuen tandem bikaina osatzen dutela bi anaiek, eta lehen 150en artean amaitu zuten proba. Rezabalek, berriz, ez du urte erraza izan lesioak direla medio, baina atzokoan erakutsi zuen, zailtasunak zailtasun, ez duela gaitasuna galdu. Beste horrenbeste esan genezake Aitorrez ere; ez dute lesioek errespetatu, baina korrikaldiaz "disfrutatzera" ateratzen denean ere denbora aparta egiteko gai da, San Silvestresean erakutsi zuenez.

Beste liga batean izan ziren Olano, Lertxundi eta Zabaltza. Lehenak katastrofe itzela egin zuen, eta, hirugarren kilometrorako hustuta, gurutze bidea egin zitzaion lasterketa. Lekukoek diotenez, antzera bizi izan zuen proba Zabaltzak ere, sufrikario aurpegia agerian utzita. Bestelako jarrera zeraman, betiko legez, Lertxundik; aitaren izenean egin zuen lasterketa, erraz, gozatuz.

Taldetxoan joan ziren, berriz, Aldasoro, Landa anaiak eta Zepe. Lasterketa egitea zuten helburu, beste batzuen paranoia mentalik gabe [;-)]. Baita egin ere. Txalogarria haien kemena.



Edonola ere, aipatutakoak baino askoz gehiago izan ziren Suziriak atzokoan, eta ezin guztiei behar bezala eskertu gure ekimenarekin bat egin izana: Nico, Ander, Etxaun, Beñat, Julen, Ganix, Alex, Jasone, Iñaki, Eli, Oihana, Anso, Maribel, Jon, Berra, Aitor, Mikel, Herrero, Borja, Irati, Ane, Mikel, Iker, Sanfo, Harri... eta ahazten ditugunek barka gaitzatela; mila esker bihotz-bihotzez.

Datorren San Silvestrean Eason nahi dugulako, IMANOL ETXERA!!!!! 

11. Jon Agirre: 27:46
17. Endika Erregerena: 28:15
41. Eneko Urkiola: 30:35
141. Iñigo Azurmendi: 33:32
208. Unai Rezabal: 34:42
284. Aitor Erregerena: 36:13
363. Jon Olano: 37:14
987. Jon Lertxundi: 42:04
1131. Alex Zabaltza: 43:22
1908. Xabier Ceberio: 49:04
1909. Unai Aldasoro: 49:03
1911. Julen Landa: 49:05

No comments:

Post a Comment