2012/11/25

Donostiako Maratoia: 42ak, beste baterako

Behobia atzean utzita, konpetiziora itzuli da gaur goizean Suziri Taldea. Donostiako Maratoiaren 35. edizioa ospatu da, eta gaurkoan ere gure suzirien ordezkaritza bat bertan izan da. Gehienak, maratoiaren laurdena osatzeko; Imanolen kasuan, 26 kilometroz erbi lanetan aritzeko. Hori da hori laguntzeko grina.

09:00etan eman diote irteera lasterketa nagusiari, 42 kilometrokoari, eta hamar minutu geroago abiatu dira 10.200 metro egin behar zituztenak. Bigarren multzoan abiatu dira hiru suziri -Urki, Landa eta Olano- ia 700 lasterkariren artean, eta haietatik 500 helmugaratu dira ailegatu den azken suziriaren atzetik. Hamar gradu inguru eta euri tanta batzuk; ezin gehiago eskatu.

Aurrean atera da, bakarrik, Urki. Bi kilometro ingurura hasi da Imanolen laguntza jasotzen, eta, Urkik berak gerora aitortu duenez, egindako denboraren erantzukizun handia du erbi lanetan aritutako suziriak. Estu eraman du, etengabe animoak emanez, baina amaitzerako bere marka pertsonala birrindu du. Kilometroko 3:46 minutuko batez bestekoa, eta astetik astera hobetzen. Non du muga?

Atzetik, lau minutura, sartu da Landa, eta hamabost segundo geroago Olano. Biek hasiera-hasieratik hartu dute erritmoa, eta ez dute baretu Anoetara iritsi arte. Zenbait unetan "gantxoarekin" eraman du Landak Olano, eta bizpahiru kilometroren faltan ireki du tartea. Landaren marka izugarriak Satza memorialera begira jarri du, eta Olano sinesgaitz agertu da gaurko markarekin, espero gabe marka pertsonala egin baitu.

Arestian esan bezala, ezin aipatu gabe utzi Imanolen parte hartzea. Eskuzabal jokatuta, 26 kilometro egin ditu goizean besteei lagundu beste asmorik ez zuela. Suziri spirit.

Emaitzak:

83. Urki. 38:15
191. Landa. 42:33
195. Olano. 42:47

2012/11/12

#BehobiaSS: EPIC RACE

Bikaina. Jatorria Euskal Herriaren iparraldean duen hitza da "bikain", eta jatorri duen lurraldearen mugatik gertu abiatu da gaur suziri taldea, beste 24.990 lagun ingururekin batera, herri lasterketen zita nagusian. Bikaina izan baita suzirilari guztien parte hartzea, bikaina emaitza, eta, batez ere, bikaina guztien jarrera. Bikain errepidean aritu diren suzirizaleak, eta bikain, beste behin, bide bazterrean eta euriari aurre eginez lasterkariak hauspotzen aritu diren suzirizaleak. Ez dute haiek ere meritu makala.

Bikaina baino, esan liteke aurrealdeko suzirizaleek lortutako emaitzak ohorezko matrikula merezi izan duela. Izan ere, ez dira talde asko izango, baten bat baldin badago, bere kideetako lau euren kategoriako aurreneko 100 sailkatuen artean helmugaratzea lortzen dutenak. TOP 100, 25.000 korrikalaritik, alajaina, donostiarren artean TOP10ean sartu zirelarik. Edozein egunkariko portada izan liteke suziri taldearen txanpions-ean jokatzen dutenek Bulebarrera iristean utzi duten irudia; eskutik helduta, helmugaren marra elkarrekin gurutzatzen. Laura Chamorro Teledonostiko kazetariaren arreta ere piztu dute, helmugan eginiko elkarrizketan ikus daitekeenez. Pena Agirre segundu gutxi batzuk aurretik sartu izana, baina gaur inork ez zuen taldeko laugarren gelditzerik merezi. Lan izugarria, mutilak!

Gure mutilak Mirakruz-eko gainan

Laurek hobetu dute Behobian zuten marka, eta halaxe egin dute hurrengo biek ere. 1:20ko mugatik behera jaitsi nahi zuten Iñigok eta Urkiolak, eta gertu izan dute helburua. Edonola ere, ez dirudi biek ala biek goia jo dutenik. Bere errekorrari bi minutu luze kendu dizkio Urkik, eta zortzi, bata bestearen atzetik, Iñigok. Lortu duen sasoia beldurgarria da, eta, esan bezala, auskalo non duten muga bi hauek.

Gaurko bere buruari jarriak zizkion iragarpen guztiak hautsi ditu Olanok ere. Azken asteetako emaitzek ez zioten pentsarazten duela bi urteko marka hobetzeko gai izango zenik, eta hortxe eraman du sorpresa: 1:36etik jaisteaz gain, dortsal gorria eskuratu du datorren urterako, ozta-ozta bada ere. Bi hilabeteko entrenoak, Urkiola personal trainerraren serieak eta Iñigok ezarritako konfiantza ezinbestekoak izan dira berak ere sinesten ez duen emaitza lortu izateko.

Gaur, suzirilari guztien emaitzen gainetik, Rezabalek egin du jarrera erakustaldia. Euskarazko "ahalegina" hitza bere zentzu hertsienean erakutsi du, ahal zuen guztia eginez. Lesioek ez diote errespeturik azaldu, baina oztopo guztien gainetik, lasterketa hasi, 20 kilometro egin eta amaieraraino egin du, kosta ahala kosta. Eta ez edonola, askok sinatuko luketelako gaur Rezabalek herren egin duen marka. Lezioa eman du amaratarrak.

Marka pertsonala birrindu duen beste bat izan dugu Alex. Iruñeko anonimotasunean eginiko lan saioen uzta jaso du, lehen aldiz 1:40ko langa gaindituz. Luxuzko gregarioa zuen gaurkoan, taldearentzat lan egin eta gainera puntuak ematen dituen horietakoa: Lertxundi. Ez zen aurten Lertxundik marka itzelak egiteko urtea, baina haren dohain naturalak Zabaltzaren zerbitzura jarri ditu, eta harro egoteko moduko lasterketa burutu dute biek.

Joan da Behobia, eta erronka berriak ezartzeko unea da: bertan dira Zizurkilgo gau krossa eta Satza Memoriala, San Silvestre izenarekin ere ezagutzen dena. Ordura arte, goza dezagun eginikoaz.

Gizonezkoen Senior Kategoriako emaitzak:

92. Agirre 1:10:37
97. Imanol 1:10:40
98. Aitor 1:10:41
99. Endika 1:10:41
860. Urki 1:20:24
876. Iñigo 1:20:31
3969. Olano 1:32:41
4342. Rezabal 1:33:55
5726. Zabaltza 1:37:59
5729. Lertxundi 1:37:59

Aitor eta Agirreri Teledonostik helmugan eginiko elkarrizketa

2012/11/08

#BEHOBIASS: Haizea etsai?

Aurreko postean Behobia aurreko astean erritu bilakatzen diren eta aintzat hartu behar diren hainbat ohitura ekarri ditugu gogora, eta gaurkoan asteko beste gai izar horietako bati erreparatuko diogu: Eguraldiari. Iaz txikizio ederra eragin zuen marketan eta baten baino gehiagoren osasunean, baina badirudi aurtengoan ez dugula halako gurutzebiderik eta penitentziarik biziko.

Eguraldi kaskarra iragartzen ari dira han-hemenka iganderako; alegia, eguraldi bikaina korrikaldi baterako. Tenperaturak behera egingo du Euskalmeten arabera, eta nekez gaindituko ditu 13 graduak. Euria ere iragarri dute, eta badirudi bezperan botako dituela zaparrada mardulenak. Hortaz, freskatzeko adinako euria izango dugu etzi damu, baina ezta gehiegi ere.

Haizea izan daiteke korrikalarien etsai nagusietako bat, beraz (Mirakruzez eta Gaintxurizketaz gain, noski). Ipar mendebaldetik joko du haizeak, eta lasterketa Behobiatik Donostiarako norabidean dela kontuan izanda, korrikalariek aurrez aurre izango dute haizea, kontra. Markak egiteko ez da haize norabiderik egokiena, baina jar ditzagun gauzak bere neurrian: haizea kontra bai, baina zenbateko indarrarekin?

Tira ba, Windfinder webgunean iragarri dutenez, 10:00etan orduko 11 kilometroko haizea iragarri dute. 10:30etan da hastekoa lasterketa, eta ordu erdi lehenagokoa da egiten duten iragarpenik gertukoena. Hurrengoa 13:00etarako ematen dute, eta orduko 13 kilometrora igotzen dute haizearen abiadura. Ufada gogorrenak ere orduko 13 kilometrokoak dira, Windfinderren arabera.

Hemen helbidea. Zer deritzozue, indar horrekin kalte handia egingo al du haizeak?

http://www.windfinder.com/forecast/donostia-san_sebasti%C3%A1n

2012/11/07

Behobia-Donostiarako oinarrizko gomendio batzuk

Behobiara begira Suziri Taldeak oinarrizko gomendio batzuk luzatzen dizkizue lasterketa egunerako. Pertsona gehienek ezagutuko dituzten arren beti komeni da errepaso txiki bat egitea. Erabilgarri izango zaizuelakoan:

1) Gosaria 2,5-3 ordu lehenago egitea komeni da. Ez egin esperimentu arrarorik, eguneroko gosariaren modukoa edota aurretik lasterketaren batean probatu duzuen zerbait hartu.

2) Etxetik atera aurretik dortsala eta txipa daramatzazula ziurtatu. Behobia normalean etxetik urrun geratzen da eta bertara iristean zerbait falta dela konturatu ezkero ez dago atzera bueltarik. Ahal bada hobe aurreko egunean dena prest eta txukun uztea.

3) Egun euritsua bada zakar boltsaren aukera gomendatzen dugu, norberak bere etxean egina. Honen bidez lasterketa hasi bitartean gorputza lehor mantentzea da helburu. Irtetzerakoan Hulk moduan apurtu eta albo batera jaurti.


4) Euriaz gain hotza bada kamixeta edota jertse zaharrak (armairuan lekua hartu besterik ez duten horiek) eramatea da onena. Irteeran aldamenera bota eta antolakuntza berak jasotzen ditu lasterkari guztiak irtetean.

5) Gosari eta lasterketa artean hidratatzea komeni da, tarteka ur zurrut txikiak edanaz. Hala ere ez da komeni obsesionatzea eta irten baina 45 min lehenago gelditu. Gainontzean irteera unean puxikak eztanda egitear egon daitezke!

6) Irten aurretik saiatu komunera joaten. Garrantzitsua da korrikan hastean barrenak "garbi" izatea. Antolakuntzak gero eta komun gehiago jartzen ditu horretarako hortaz aprobetxatu itzazu jendea pilatzen hasi aurretik.

7) Behin lasterketa hasita saiatu erritmo jarrai bat eramaten eta ez itsutu zoro moduan irteten diren horiei segika. Ibilbidea luzea eta gogorra da eta posible da haserako gainesfortzuak amaiera izorratzea. Norbera berera eta ahalik eta konstanteen.

8) Halako lasterketetan esperientziarik ez baduzu bidean zehar dauden edari-postu gehienetan tragoxka bat egitea komeni da, batez ere beroa nagusi bada. Konturatu ez arren kilometroak pasa ahala ura galduz goaz eta honek deshidratazio kasu batera eraman gaitzake. Aurten gainera 9,5 eta 14 km-tan edari isotonikoak izango dira.

9) Korrikalari batzuek gel energetikoak eramaten ditu bide erdian hartzeko. Aukera ona izan daiteke baina garrantzitsua da lasterketa aurretiko entrenamenduren batean probatua izatea, ziur izan gaitezen gorputzak ez duela aurkako erreakziorik izango.

10) Azkenik errepidean zeharreko giroaz gozatzea da gomendiorik onena. Denbora ona egin edo ez garaipen bat baita halako proba bat amaitzea.

2012/11/06

Euskalerria irratia: 25 urte entxuferik gabe



Live video from your Android device on Ustream



25 urte entxuferik gabe: lizentzia aldarrikatzeko urtebetetze gala

Gorka Urbizu, El Drogas, Ruper Ordorika, Kerobia eta Balerdi-Balerdi entxuferik gabe ariko dira azaroaren 7an, ilunabarreko 20:00etatik aurrera, Atarrabiako Kultur Etxean. Euskalerria Irratiak 25 urte daramatza Iruñerriko dialean entxuferik gabe. Badugu zer ospatu, eta badugu zer aldarrikatu -besteak beste, lizentzia-. Eta horixe eginen dugu Atarrabiako irratsaioan, gure 25. urteurreneko aldarrikapen galan.


Suziri Taldeak zuzenean emango du Euskalerria Irratiaren gala, euskarazko irratiari babesa azaltzeko.
 

2012/11/03

Behobia bertan da

Dagoeneko aste bete eskax falta da urteko kirol proba garrantzitsuenetakoa ospatzeko, Behobia-Donostia lasterketa alegia. Aurtengo edizioan 25.000 korrikalari izango dira, eta horien artean gure suziri ugari izango dira. Momentuz eguraldi iragarpenak ez dira guztiz ados, baina badirudi eguraldi frexkoa izango dugula, 12ºC ingururekin eta euri arriskuarekin. Haizeari dagokionean batzuek hego haizea ematen duten arren besteek iparrekoa aurreikusten dute. Dena den eguraldia ziurtasun handiagoz ezagutzeko itxaron egin beharko dugu.

Aurreko urtean bezalaxe lasterketa ostean parte-hartzaileak zein jarraitzaileak bazkari eder batean bilduko gara.

Hona hemen gure ordezkariak beren marka onenarekin:

Agirre (1:12:16): aurreko urtean bera izan zen hobekien aritu zena. 15 km-koan ez zuen parte hartu eta ez dakigu nola moldatuko den distantzia luzetara, baina Lasarte indartsu ikusi genuen. Dortsal horiarekin aterako da.


Aitor (1:12:23): aurten lesioekin zorte hobea izaten ari da Iturengo mutila eta esperantza dugu berriro ere punta-puntan ikusteko. Agirre moduan helburua 1:10:00tik jeistea litzateke, helburu zaila benetan. Lasarten ez zuen parte hartu baina topera espero dugu datorren igandean.


Endika (1:14:23): ze esan aurten rebelazioaz? Aurreko batean aipatu moduan denboraldi honetan entrenamenduak serio hartu ditu eta aurrealdeko taldetxoan bete-betean sartu da. Lasarten Agirrerekin batera sekulako lasterketa egin zuen. Non ote muga?


Imanol (1:16:17): 15 Km-koan ezin izan zuen ongi amaitu arazo muskularrak zirela eta. Hori dela eta ez zuen arrixkurik hartu nahi izan eta enbidiaz ikuskatu zuen Lasarteko krossa. Triatloi denboraldi beldurgarri batetik dator eta ia deskantsurik hartu gabe dabil. Hala ere faboritoetako bat da denborarik onena egiteko. Ikusi beharko.


Urki (1:22:59): udara zaila pasa zuen lesioak direla eta, baina iraila amaieratik entrenamendu bikainak egiten ari da. Urriko lasterketetan maila handia ematen ari da. Helburua garbia da: 1:20:00tik jeistea. Compressport patrozinio eskaintza prestatzen ari omen zaio.


Unai R. (1:23:59): Unai ere aurreko urteko emaitzak hobetzen ari da azken lasterketetan. Lasterketa laburrak baino luzeak hobe dihoazkiola uste dugu eta Behobian ikusi beharko Urkiren denboretara hurbil daitekeen. Azken astean fascia arazoak ematen ari zaizkio. Espero dezagun datorren igandean %100ean berreskuratua egotea. Gel hotz pixkat hurrengo astean, gel beroa lasterketa aurretik eta egurra. Ez desanimatu!


Lertxundi (1:26:37): inkognita handi dugu Jon aurtengoan. Badakigu minduta ibili dela aspaldian baina badirudi parte hartzeko prest dagoela. Marka bikaina du baina posible da aurtengoan lasai hartzea.

Iñigo (1:28:39): denboraldi honetan Urki personal trainer hartuta serio hartzen ari da entrenamendu sesioak. Argi geratzen ari da gutako batek dabilen "no hay calidad, es todo entrenamiento" kasu honetan. Izan ere kalitate izpirik gabe entrenamenduek hobekuntza handia suposatu diote orain arteko lasterketetan. 20 km-ak luze egingo ote zaizkion da zalantza orain.


Olano (1:36:10): aurten berandu xamar hasi da entrenatzen baina azken astetan asko indartu da. Posible da   hala ere Behobia beretzat goizegi iristea. Bera ziur ez egon arren argi dago dortsal gorriaren bila atera behar duela. Kontu izan dezala gosariarekin!!!


Zabaltza (1:41:18): 15 Km-koan parte hartu zuen arren misterio bat da zein mailatan iritsiko den lasterketara. Bere entrenamenduen nondik-norakoak Top Secret dira hortaz iganderarte itxaron beharko dugu noraino iristeko gai den ikusteko.


Zuetako edozeinek zuzenketa edo aipamen extra bat egin nahi badu anima dadila. Zerbitzari honek zorterik onena opa dizue denoi.