2012/08/26

UNTZAENE KRITERIUMA

Bi estilo lehiatu ziren herenegun Anoetako Antonio Elorza belodromoan. Bi filosofia, nor baino nor gehiago. Bartzelonako kubata eta pantumaka artean igaro zuen Landak dueloaren aurreko egunak; Urkiolak, berriz, stage gogorra egin zuen Errioxako mendateetan, Espainiako Vueltaren testuinguruan. Prestakuntza kontrajarriak inondik inora, eta horrek erabat baldintzatu zituen apustuak. Urkiolaren alde zegoen dirua; pronostikoak birrindu zituen, ordea, Landak. Espektakulu ederraz gozatu ahal izan zuten zaleek, lehia ederraz gain, emozioz beterikoa izan zelako. Hitz bitan, gintonik dobleak hematokritoa garaitu zuen.

Urkiola izan zen pistaratzen lehena. Beroketa luzea egin zuen, eta tentsio puntu batekin ekin zion saioari. Erritmoari egoki eutsita, itzuliak pilatzen hasi zen bata bestearen atzetik. Kontzentratuta uneoro, aukitik gehiegi altxatu beharrik gabe aritu zen, eroso. Baina motel igarotzen ziren minutuak, eta nekea gero eta nabarmenagoa zen. Azken biretan egurra eman nahian, akituta osatu zuen ordua Urkiolak, baina marka bikaina eginda: 121 itzuli.


Arerioaren erreferentziarik gabe sartu zen belodromora Landa, eta gutxi behar izan zuen berotzeko. Pare bat buelta, eta lanera. Hasiera-hasieratik, erdarazko esamolde bat bere egin zuen: "El que tuvo retuvo". Landa ikusi bezain azkar, haren gaitasunaz oharatarazi zion lehia ikusi zuen Miguel Madariaga inprobisatuak Urkiolari: "Honek kadetetan ederki ematen zion". Eta ez soilik kadeteetan, ostiralean erakutsi zuenez. Konfiantza erakutsi zuen Landak, eta horren erakusle ziren helmugako marra gainditzen zuen bakoitzean esandako hitzek, eginiko keinuek. Diferentziak, ordea, antzemanezinak ziren ia-ia. Erritmo biziarekin hasi, eta amaierara arte eutsi zion horrela. 122 itzuli, Urkiolaren marka buelta erdi batean gaindituz.



Untzaeneko Kriteriumak irudi ederrak utzi dizkigu Suzirien blog berria estreinatzeko. Hemendik aurrera ere izango dugu zertaz gozatu, kirol egutegia exigentea baitator; datorren astean, Zumaiako triatloia, eta laster, eskalatzaileen proba kuttuna: Igeldoko igoera. 

Egin apustu, Suzirizaleok!