2013/10/15

Hiru hondartzak, kamiseta bereziarekin

Hiru hondartzetako krossak aliziente gutxi behar izaten ditu, urteko lasterketa berezienetako bat izateko. Behobiarekiko gertutasunak denboraldiko lasterketa ezinbestekoen artean sartzen du, eta bertan izan ohi dira suziriak. Aurtengoa, ordea, ez da proba bat gehiago izan suzirientzat; batetik, lehen test serioa izanik, konpetizio aldetik zita interesgarria zen; bestetik, kamixeta estreinatzen zuen Suziri Taldeak, edizio berezia. Omenaldi, aldarrikapen kamiseta. Lehenbailehen zentzurik izan behar ez duena, horrek esan nahiko baitu Imanol etxean dugula.

Karrerari dagokionean, Igeldoko igoeran sortutako espektatibak gainditu zituen Endikak. Aurrealdean ibilitakoa zen, baina marka pertsonala birrindu zuen hiru hondartzetan, Agirre bera atzean utzita. Kalitate saltoa eman du Iturengo mutilak, eta hogei lehenen artean sailkatu zen. Iturengo baratzean izango ote sekretua?

Agirrek ere sortua zuen haren inguruko espektatiba. Asko findu zaigu Ataungo semea, eta, Behobia baztertuta, begiz jo ditu 10 kilometroko lasterketak. Lehen proban bikain aritu zen, baina suziri bat aurretik izateak ez zuen pozik utzi. Lasarteko krossa du orain helburu, eta pikatuta joango da bertara; kontuz.

Mugarik ez duela dirudien beste bat da Urkiola, igandeko klasikoan erakutsi zuenez. 38:00-38:30 arteko denbora egin nahi zuen, eta aurreikuspen guztiak gainditu zituen, uste onena minutu erdian gaindituta. Sevillako maratoia urrun dago oraindik, baina bertan egin dezakeenaren zantzu bat utzi zuen hiru hondartzetan.

Sorpresa izan zen Aitor sufrikarioan ikustea. Ez zen ongi sentitu lasterketaren hasieratik, eta astean zehar sartutako kilometro kopuru beldurgarriek agian behar baino gehiago nekarazi dute. Atsedenak erregulatuta, ziur datozen lasterketetan ere egundoko gerra emango diela aurrealdekoei. Kalitatea du-eta hanketan.

Aitorrengandik bost segundu eskasera helmugaratu zen Iñigo ere. La Vendeeko haizeek on egin diote zegamarrari, eta xorro-xorro ari da gero eta emaitza hobeak lortzen, Urkiola entrenatzailearen aginduei men eginda. Gainera, oso sentsazio onak utzi zituen lasterketan zehar, argazkietan duen aurpegiak adierazten duenez. Behobian emaitza handia lor dezake, hala jarraituz gero.

Oihana molestiekin iritsi zen hiru hondartzetara, eta beldur zen hankek nola erantzungo ote zioten. Molestiak ahaztuta eta agian kamisetak indarrak emanda, denbora zoragarria egin zuen, 10 kilometroak 42 minututik behera osatuta. Haren lagun Mirenek ere hartu zuen parte Suziri Taldeko kamiseta berria soinean zeramala, taldea jarraitu baina korrikalaria ezagutzen ez zutenen harridurarako. Bikain aritu zen hura ere, hasieratik amaieraraino erritmo konstanteari eutsiz.

Aurretik, ordea, Julen helmugaratu zen. Esana zuen ez egiteko haren aldeko apusturik, korrikaldiak ez zituela serio jarraitzen...baina Julen gai da edonola ere onena emateko, eta oraingoan ere 4:30ko erritmotik behera osatu du ibilbidea, aurpegi irrifartsuarekin gainera. Apustuak egiteko seguru bat, gure Julen.

Nekanek ere ez zuen hutsik egin igandeko zitan. Gogor ari da entrenatzen zornotzarra, eta hasi da emaitzak jasotzen, aurreko urteko denbora hiru minutuan hobetuta. Erraz esaten da. Behobia du helburu, eta ziur zeresana emango duela.

Beste behin, Imanol gogoan izanda egin dute korrika suziriek. Oraingoan, soinean ere eraman dute. Eta ez dugu etsiko Ima gurekin korrika egiten ikusi arte. Ez gara amore ematekoak. IMANOL ETXERA!!

Hauek dira sailkapenak eta denborak:


18. Endika: 33:47

25. Agirre: 34:00
131. Urkiola: 37:29
199. Aitor: 38:52
219. Iñigo: 38:57
465. Oihana: 41:58
903. Julen: 44:50
1719. Mirene: 52:48
2126. Nekane: 53:41