2013/11/18

San Silvestrean ere denok Imanolekin

Behobiarekin gustora ez eta iada San Silvestrean pentsatzen gabiltz suziriak. Urte-zaharrean ospatzen den lasterketa beti izan da berezi guretzat eta aurtengoan are bereziago izango da, Imanol faltan izango baitugu bertan. Hau dela eta gurekin batera korrika egitera gonbidatu nahi dugu mundu guztia, gure laguna "erreskatatu" eta gurekin bueltan ekartzeko.

Ideia honakoa da, Imanol aurkitzen deneko El Dueso espetxerako joan-etorrian dauden kilometroak guztion artean egitea. Donostiatik bertara iritsi eta bera bueltan ekartzeko 358km egin beharko lirateke, eta lasterketak 8,5km dituenez, 42 pertsona beharko ditugu Suziriko kamixetarekin abenduaren 31ean. Laburbilduz, helburua Donostiako San Silvestre lasterketan 42 pertsona Imanolen aldeko elastikarekin ateratzea da, horren egun berezian gure artera "ekar dezagun".

Hau guztia ongi antolatzeko parte hartzeko prest zaudetenon zerrenda prestatu nahi dugu (izen-ematea azpian), hala denekin harremanetan jarri ahal izateko. Izan ere, askok iada kamixeta baduzuen arren, posible da beste batzuek ez edukitzea bainan lasterka egiteko gogoa izatea. Kasu honetan zeuekin kontaktatuko genuke egun horretarako kamixeta bat utzi ahal izateko. 

Bestalde, esan antolakuntzarekin hitzegin dugula iada eta ez dela arazorik izango Suziriko kamixetarekin korrika egiteko, nahiz eta normalean lasterketakoa eramatera behartuak egon. Beraz aitzakiarik ez. Azpian duzue izen-ematea egiteko formularioa.

2013/11/12

Gabonetarako kamixeta eskaria abian

Behobia-Donostia amaitu berri den honetan gure lagun guztiengana zuzendu behar gara. Izan ere azken asteotan pertsona ugari izan dira elastika berria lasterketetan ikusi eta hau lortzeko gogoa azaldu digutenak. Dakizutenez iraila amaieran Suziriko elastikaren bertsio berria sortu genuen Imanoli babesa emateko asmoarekin, ehundik gora ale eskatu genituelarik. Tamalez jende asko gabe geratu zen ez zutelako eskariaren berri izan.

Hori dela eta jakinarazi nahi dugu eskari berri bat egiteko asmoa dugula datozen asteotan, Gehienok dakizuten moduan bi modelo ditugu, mangaduna eta tiraduna, emakumezko zein gizonezko bertsioan. Tailei dagokienean onena gutako edonorekin harremanetan jartzea duzue, nahi izanez gero kamixetak probatu ahal izateko. Prezioari dagokionean eskariaren araberakoa izango da, baina ziurrenik gutxi-gora-behera 23€ tiraduna eta 30€ mangaduna izango dira. Azpimarratu kamixetak ez direla negozio egiteko, Ziraunak-ek egiten digun prezio berean uzten ditugularik.



Gure asmoa kamixetak gabonetarako prest egotea da (San Silvestrerako ideia polit bat dugu buruan). Hortaz mesedez kontakta gaitzazue lehen bait lehen, hurrengo astelehenean egin behar baitugu eskaria. Ordainketa egiteko kontu korronte zenbakia pasako zaio bakoitzari transferentzia egin dezan. Hau eskaria burutu aurretik egitea beharrezko izango da, gainontzean ezingo baitugu hau aurrera eraman. 

Edozein galdera baduzue ez tematu gugana zuzentzen. 

Aupa Imanol eta aupa Suziri!

2013/11/11

2013 Behobia-Donostia

Beste urte betez iritsi zaigu lasterketa herrikoien erregiña gurera, eta nola ez guk ezin huts egin. Haize bolada gogorren artean ia 24.000 izan dira Behobia eta Donostia arteko ibilbidea kolorez zipriztindu duten lasterkariak. Eguraldiak baldintzatuta zail izan da denbora markak apurtzea, baina ez da euri ez ekaitzik proba honen izpiritua ahulduko duenik. Halere ezin ahaztu atzo eguerdian jakin genuen berria, 29 urteko neska nafarraren heriotzak lasterketaren ondorena gazitu baitzuen guztiz. Honegatik, guk geuk ere gure blog xume honetatik doluminak eskeini nahiko genioke Arantzaren sendiari.

Geure taldekideei begiratzen hasita aipatu behar nola ez Imanol-en falta somatu genuela, hau izan baita bera gabe taldeak bizi izan duen lehen Behobia. Hau ordea ez da guztiz egia, modu batean edo bestean Imanol-ek ere bere marka utzi baitu aurtengo edizioan ere Oihanari esker (bilatu bere izena sailkapenean eta ikusiko duzue).

Gainontzeko partaideei dagokienean goraipatu Endikaren lasterketa ikaragarria. Aurtengo denboraldian beldurgarri dabil mutila eta iada Adidas, Asics ta konpainiaren eskaintza esperoan da. Halako proba batean 57. amaitzea ez da nolanahikoa. Zertxobait atzerago iritsi zitzaigun Urki. 1h20-tik jeisteko esperantza zuen eta hartarako bikain prestatuta egon arren haizeak helburutik 15 segundura utzi zuen. Lastima da zeren sekula baina hobe aurkitzen zen. Atzoko sorpresa atsegina Unairen buelta indartsua izan zen. Lesioak gora eta behera ibili da azken asteetan, baina atzokoan bere irudirik onena eskeini zuen, 1h25-eko denborarekin. Ea hankek errespetatzen jarraitzen dioten. Aurrealdean ibili zen baita ere Oihana. Ez daramatza aste errazak lesioak direla eta baina atzo txapeldunen moduan amaitu zuen proba, Imanoli omenaldi ederra eginez. Atzoko beste protagonistetako bat Aitor zen, bere lehen Behobiaren aurrean aurkitzen zena. Dortsal zuriarekin atzetik aterata emaitza bikaina eskuratu zuen, bere 1h30eko helburua erraz eskuratuz, nahiz eta hanketatik galant sufritu behar izan zuen. Lasterketa polita egin zuen beste bat Olano izan. Urriko hilabete konplikatua izan ostean bikaina izan da bere errekuperaketa eta errendimendua. Ea jarraipena ematen dion eta San Silvestrean aurrealdean ikusten dugun. Atzeraxeago helmugaratu zen suziriko tridentea, Landa, Lertxundi eta Zabaltzak osatua. Hirurak engranai suitzarren moduan lan egin omen zuten elkarrekin, nahiz eta baten batek bere gain hartu duen taldearen lidertza. Urte amaierako lasterketan borrokan ikusiko ote ditugu? Ta amaieran baina egindakoarekin oso gustura Nekane eta Iñigo iritsi ziren. Nekanerentzat bere lehen partaidetza zen eta denbora helbururik gabe abiatu ziren Behobiatik. Mirakruzen gogotik sufritu arren lasterketa progresio bikainean burutu zuten eta iada hurrengo urteko helburuan pentsatzen dabiltza.

57       Endika  1:10:28
885     Urki  1:20:15
2073   Unai  1:25:01 
2805   Aitor  1:26:57
3694   Oihana 1:28:50
3705   Imanol  1:28:51
6744   Olano  1:34:23
12107 Landa  1:42:37
12108 Lertxundi 1:42:37
12110 Zabalza  1:42:37
19023 Nekane  1:56:10
19021 Iñigo 1:56:10

Nola ez, ezin ahaztu errepide bazterrean animatzen izan dugun jende guztiari. Benetan pozgarria da gero jende gehiago "Aupa Suziri" oihuaz animatzen entzutea. Guk geure partetik ahal dugun guztia ematen jarraituko dugu.

Azkenik eguna ospatzeko antolatu genuen bazkariaren argazki bat uzten dizuegu. Ah, eta izan adi gure sare sozialetara zeren datozen egunotan berri asko izango dira gurean. Agur bat denori.

2013/10/15

Hiru hondartzak, kamiseta bereziarekin

Hiru hondartzetako krossak aliziente gutxi behar izaten ditu, urteko lasterketa berezienetako bat izateko. Behobiarekiko gertutasunak denboraldiko lasterketa ezinbestekoen artean sartzen du, eta bertan izan ohi dira suziriak. Aurtengoa, ordea, ez da proba bat gehiago izan suzirientzat; batetik, lehen test serioa izanik, konpetizio aldetik zita interesgarria zen; bestetik, kamixeta estreinatzen zuen Suziri Taldeak, edizio berezia. Omenaldi, aldarrikapen kamiseta. Lehenbailehen zentzurik izan behar ez duena, horrek esan nahiko baitu Imanol etxean dugula.

Karrerari dagokionean, Igeldoko igoeran sortutako espektatibak gainditu zituen Endikak. Aurrealdean ibilitakoa zen, baina marka pertsonala birrindu zuen hiru hondartzetan, Agirre bera atzean utzita. Kalitate saltoa eman du Iturengo mutilak, eta hogei lehenen artean sailkatu zen. Iturengo baratzean izango ote sekretua?

Agirrek ere sortua zuen haren inguruko espektatiba. Asko findu zaigu Ataungo semea, eta, Behobia baztertuta, begiz jo ditu 10 kilometroko lasterketak. Lehen proban bikain aritu zen, baina suziri bat aurretik izateak ez zuen pozik utzi. Lasarteko krossa du orain helburu, eta pikatuta joango da bertara; kontuz.

Mugarik ez duela dirudien beste bat da Urkiola, igandeko klasikoan erakutsi zuenez. 38:00-38:30 arteko denbora egin nahi zuen, eta aurreikuspen guztiak gainditu zituen, uste onena minutu erdian gaindituta. Sevillako maratoia urrun dago oraindik, baina bertan egin dezakeenaren zantzu bat utzi zuen hiru hondartzetan.

Sorpresa izan zen Aitor sufrikarioan ikustea. Ez zen ongi sentitu lasterketaren hasieratik, eta astean zehar sartutako kilometro kopuru beldurgarriek agian behar baino gehiago nekarazi dute. Atsedenak erregulatuta, ziur datozen lasterketetan ere egundoko gerra emango diela aurrealdekoei. Kalitatea du-eta hanketan.

Aitorrengandik bost segundu eskasera helmugaratu zen Iñigo ere. La Vendeeko haizeek on egin diote zegamarrari, eta xorro-xorro ari da gero eta emaitza hobeak lortzen, Urkiola entrenatzailearen aginduei men eginda. Gainera, oso sentsazio onak utzi zituen lasterketan zehar, argazkietan duen aurpegiak adierazten duenez. Behobian emaitza handia lor dezake, hala jarraituz gero.

Oihana molestiekin iritsi zen hiru hondartzetara, eta beldur zen hankek nola erantzungo ote zioten. Molestiak ahaztuta eta agian kamisetak indarrak emanda, denbora zoragarria egin zuen, 10 kilometroak 42 minututik behera osatuta. Haren lagun Mirenek ere hartu zuen parte Suziri Taldeko kamiseta berria soinean zeramala, taldea jarraitu baina korrikalaria ezagutzen ez zutenen harridurarako. Bikain aritu zen hura ere, hasieratik amaieraraino erritmo konstanteari eutsiz.

Aurretik, ordea, Julen helmugaratu zen. Esana zuen ez egiteko haren aldeko apusturik, korrikaldiak ez zituela serio jarraitzen...baina Julen gai da edonola ere onena emateko, eta oraingoan ere 4:30ko erritmotik behera osatu du ibilbidea, aurpegi irrifartsuarekin gainera. Apustuak egiteko seguru bat, gure Julen.

Nekanek ere ez zuen hutsik egin igandeko zitan. Gogor ari da entrenatzen zornotzarra, eta hasi da emaitzak jasotzen, aurreko urteko denbora hiru minutuan hobetuta. Erraz esaten da. Behobia du helburu, eta ziur zeresana emango duela.

Beste behin, Imanol gogoan izanda egin dute korrika suziriek. Oraingoan, soinean ere eraman dute. Eta ez dugu etsiko Ima gurekin korrika egiten ikusi arte. Ez gara amore ematekoak. IMANOL ETXERA!!

Hauek dira sailkapenak eta denborak:


18. Endika: 33:47

25. Agirre: 34:00
131. Urkiola: 37:29
199. Aitor: 38:52
219. Iñigo: 38:57
465. Oihana: 41:58
903. Julen: 44:50
1719. Mirene: 52:48
2126. Nekane: 53:41

2013/09/29

Buru osasunaren aldeko 5 Miliak

Gaur goizeko 10tan II. edizioa duen Donostiako buru osasunaren aldeko 5 miliak lasterketa ospatu da, bertan Urki gure suziria izan dugularik taldearen ordezkari bakarra.

Lehen kilometroetan hasiera bizia egin dute lasterkari guztiek, baina gure mutilak azti jokatu du eta erritmoa kontrolatuz abiatu da. Bigarren kilometro aldera sorpresa atsegina eduki du, Harkaitz (gure IMANOLen laguna) gerturatu baitzaio kilometro batzuetan laguntzera. Hala biak elkarrekin erritmoa egonkortu eta gutxinaka lasterkariak pasatzen joan dira, behin alde zaharrean sarturik eta Joxeanen animoak jaso ondoren, erritmoa pixkat bizitu dutelarik. Momentu hortan Mikel osaba azaldu da bizikletaz, bere irteera pixkat laburtuz hiloba animatzeko. Hari betaurrekoak eman eta Kontxatik aurrera pixkat gehiago estutu du, momentu hortan gure suziria bakarrik gelditu delarik, korrikalari dexente aurreratuz. Azkenean 8km 29:41ko denboran burutu du, helmuga 40. postuan zeharkatuz. Hemen duzue sailkapen nagusia.

Aurten sasoi onean dagoela erakusten ari da zalantzarik gabe. Adi hortaz datozen asteetako lasterketetara.



2013/09/23

III. Igeldoko Suziri Igoera

Beste urtebetez lagunok Igeldoko Igoera ospatu genuen aurreko larunbatean. Hirugarren edizioa dugu iada, eta klasiko bat bihurtzen ari denaren sentsazioa geratzen zaio bati. Aurtengoa zoritxarrez lasterketa berezia izan da, gure Imanolek ezin izan baititu Igeldoko harri txingorrak astindu. Hala ere birritan esan dugun moduan, ez gaituzte berehalakoan geldituko, eta horrexegatik txapeldun handia gogoan izanik maldan gora jarri ginen larunbatean. Aipatu berriz, albiste pozgarri moduan, lasterkari berriak ere izan genituela: Herrero, Ander, Ansorena, Xabier eta Nekane. Huts egin ziguten tamalez Agirre, Landa, Aldasoro eta Oihanak, baina ziur hurrengo urtean bertan izango ditugula.

Azken proba, aurreko urteetan ez bezala, goizez antolatu genuen. Esan liteke gustokoago dugula arratsean egitea, baina kasu honetan ere futbolak markatu zigun ordutegia. Honela bada, eguraldi eder baina bero batekin elkartu ginen Ondarretako pasealekuan. Kotxeak Igeldoko Polipasora utzi eta behera jeitsi ostean, hankak pixkat berotu eta Igeldoko aldapa gogorrak erasotu genituen. Hasera benetan bortitza du portuak, eta lehen metroetan iada guztiz apurtu zen taldea, Erregerenatarrak garaipenaren bila abiatu zirelarik. Lehia estua espero zen bien artean, Imanol eta Agirreren faltak faborito bakar gisa uzten baitzituzten. Hala, haseran biak elkarrekin eutsi arren, Endikak anaia atzean uztea lortu zuen. Aitorrek ez zuen behar bada egunik onena izan, baina Endikaren sasoi puntuak ikaratuta gaitu. Ba ote mugarik mutil gazte honek?

Gainontzekoen artean (beste azkarrak bezala ezagunak, xD), Urki izan genuen lehena. Entrenamenduak serio daramazki eta emaitzak azalekoak dira, aurreko urteko marka pertsonala erraz hobetu zuelarik. Atzerago eta bihotza ahotik bota beharren Iñigo iritsi zen, indartsu hasi eta ostera garesti ordainduta. Ez zen urruti ibili Paul. Mendi lasterkari bikaina dela badakigu, eta posible da dituen belaun arazoak bere benetako maila ikusten utzi ez izana. Indartsu bueltatuko da ziur. Hurrena Iñigo Herrero izan zen, aurtengo fitxaketetako bat. Arraun denboraldia bukatuta gorputza nahiko astindua izango du, ta hala ere betiko moduan maila bikaina eskeini zuen. Atzetik jarraian berriz Unai. Tendinitis arazoekin ibili da mutila baina ikusten da lesioa atzean utzi eta goruntz doala. Fijo bat beti bezala. Beranduxeago helmugaratu zitzaigun Olano jauna. Aurten esperantza handiak jarrita ditugu beregan, eta badakigu lasterketa ofizialetan zeresana emango duela. Ez zuen ordea bere denborarik onena egin, baina esan bezala salbuespen bezala hartu dezakegu. Atzerago Alex, argazkietan ikusi daitekeen moduan irribartsu. Dena eman ote zuen? Soberan ote zihoan? Joker galanta dugu dudarik gabe. Hurrena berriz aurtengo sorpresetako bat, Xabier alegia. Badakigu zelako maila duen bizikletan, baina beti izan du zokoratuta lasterka egitearena. Denboraldi honetan animatu zaigu eta espero dugu jarraitasuna eman diezaiola, ziur baikaude bere ahalmenaz. San Silvestrean ikusiko ote dugu lehian? Ez oso urruti Ander, gure exiliatu poloniarra. Uste dugu azken hilabete hauetan bere edari energetiko kuttunena vodka izan dela. Adaptazio mailan egongo da oraindik ziurrenik, baina beti bezela urte zaharreko lasterketan egurrean ikusiko dugu. Jarraian berriz Ansorena iritsi zitzaigun, aurtengo nobedadeetako bat. Azken hilabetetan bizikleta zein lasterka serio jarri da eta denboraldiari begira ziur gaude etengabe goruntz egingo duela. Ez zen larunbatekoa estreinurik errazena izan, baina ziur hurrengo hilabetetan txip-ak astintzen ibiliko dela. Eta azken txanpan, baina akaso meritu gehienarekin, Nekane helmugaratu zen. Partaide emakumezko bakarra berau, gogor eutsi zion erronkari eta atsedenik gabe egin zituen 6,5 km-ak. Behobia buruan duelarik, ikusteko dago zelako marka egingo duen bertan. Adi egon beharko gara, hori ziur.
Azkenean sari banaketa eder baten ostean potetxo bat hartu eta hurrengo urtean errepikatzeko asmoz jeitsi ginen Donostiara. 

Jarraian sailkapena bat uzten dizuegu (* duten denborak gutxi-gora-beherakoak) eta baita geroxeago etorriko den bideoaren aurrekari bat:

1. Endika 28:35
2. Aitor 29:50
3. Urki  30:59
4. Iñigo A. 31:58
5. Paul  33:04
6. Iñigo H. 34:25
7. Unai 35:00
8. Jon O.  39:51
9. Alex  41:30*
10. Xabier C. 44:00*
11. Ander 45:00*
12. Xabier A. 46:00*
13. Nekane 47:28



2013/09/16

Porrontxotan ere korrika

Udako jaietako plaza nagusietako bat dira Egiako Porrontxo jaiak, besteak beste, hasiera ematen diotelako Behobiara arteko Ramadanari. Aurten, ordea, Suziriek ez dituzte soilik Porrontxoen alde parrandazalea baliatu, eta korrika denboraldirako entrenamendu bikaina izan daitekeen Porrontxo krossean hartu dute parte Urkiola eta Olano suziriek.

Atseden unerik gabeko lasterketa da Egiakoa; gogorra, intentsoa lehen metrotik. 6,5 kilometro pasatxoak osatzeko, zirkuitu aldapatsuari bi itzuli eman behar zaizkio. Gauzak hala, ziztu bizian abiatu ziren gure bi suziriak lehen metroetan, maldan beherako abantaila probestuz. Lasterketa hasi aurretik, ordea, nabaria zen han biltzen ari ziren korrikalariak ez zirela nolanahikoak, eta horiek ere lehen unetik sartu zuten bosgarren martxa.

Aurreko taldea begiz jota zuela egin zuen lehen itzulia Urkiolak, eta atzerago Olanok. Justizia epaitegitik Mundaizera, handik Gladys Eneara, eta hortik aurrera komeriak. Ametzagainako aldapak bere justizia ezarri zuen, eta aldeak handituz joan ziren pixkanaka. Arnas uneak izan ziren berriz ere Egiako puntu altuenetatik Bukowski aldera jaistekoak, baina gure suziriak hasiak ziren Ametzagainako ajeak hanketan nabaritzen.

80 korrikalari baino ez ziren izan lasterka Egian, eta, proba motza bazen ere, gure suziriek bakar-bakarrik igaro behar izan zituzten metro asko; handiak ziren korrikalarien arteko tarteak, eta bi suziriek ezin izan zuten taldean joatearen abantailaz gozatu. Nolanahi ere, bigarren aldiz ekin zioten aldapatzarra igotzeari; pausoa laburtu, arnasa hartu, eta azken kilometroetan dena ematera.

Nabarmentzekoa da egiatarrek lasterketan zehar jarritako giroa. Bukowski parean aurrena eta Ametzagainako maldetan gora hurrena, auzotarrek gogotik animatu zituzten lasterkariak, Egiako kaleak Tourmaleten gora ikusi ohi diren bidezidorren tankera hartuz. Haien txalo eta oihuek hauspotu zituzten korrikalariak.

Azkenik, 26:27ko denbora eginda helmugaratu zen Urkiola, hemezortzigarren postuan sailkatuz. 3:53ko erritmoan osatu zuen lasterketa gorabeheratsua. Olano, berriz, nabarmen atzerago heldu zen, baina 30 minututako langatik bera hura ere; 29:57, 44. postuan, 4:27ra. 

Korrika ibili ziren suziriez gain, bertan izan ziren animoak ematen Ane, Itsaso, Rezabal eta Endika. Bi lehenek egindako bideoei esker osatu dugu bideoa.
 
Hurrengo geltokia, Igeldo.


2013/09/14

III. Igeldoko Suziri Igoera bertan dugu

Denbora da bloga lo dugula, baina lasterketa denboraldia hastear da (iada hasi ez bada) eta nola ez, aurtengoan ere dagoeneko klasiko bat bihurtzear den Igeldoko Suziri Igoera ospatuko dugu datorren larunbatean. Konkretuki irailak 21ean goizeko 11ak aldera abiatuko da Ondarretako pasealekutik. Aurtengoan proba goizera pasa behar izan dugu arratsaldean gure Reala maiteak Anoetan jokatzen baitu. Ikusi beharko aurten nola iristen diren gure lasterkariak, lehia gogorra baitirudi Erregerenatarrak eta Agirreren artean. Ezin ahaztu noski faboritoetako faltako zaigula, gure Imanol handia. Beregatik eta beretzako joango dira lasterketako esfortzu eta indar guztiak.


Besterik gabe aurreko urteetako argazki sorta eta bideoekin uzten zaituztegu.

2013/04/29

Ez gaituzte geldituko!!!

Azken egunak ez dira errazak izan Imanol-en auzi zuzengabea dela eta. Horrexegatik argi utzi nahi dugu zantarkeria honek ez digula izpiritua ahulduko, ezta gutxiagorik ere. Izan ere hemendik aurrerako lasterketa guztietan Imanol geurekin eramango dugu, eta bere izena harro bozgoratuko dugu parte hartuko dugun proba guztietan. Honenbestez iada martxan dugu bere irudia eramango duen kamixeta berri baten proiektua. Ahalik eta lasterren prest izatea espero dugu.



Esan bezala hortaz, ez dute suziriaren sugarra itzaltzerik lortuko eta horren adibide garbi asteburu hauxe, non suziriak bi lasterketa ezberdinetan izan ziren. Lehenik eta behin aipatu Lertxundi-ren balentria iada klasiko bilakatzen ari den Talaia Bidean. Izan ere Donostia eta Hondarribia lotzen dituen 31 km-ko mendi lasterketa eder zein gogor honetan Jon-ek 3 ordu eta 20 minutuko marka egin zuen. Argi dago hauntzen moduan mendia dela bere erreinua.

Bestalde Donostian Binakako Euskararen aldeko lasterketa ospatu zen atzo AEK-k antolatua. Bertan izan bi bikote mixto izan genituen: Ainara eta Julen alde batetik, eta Nekane eta Iñigo bestetik. Eguraldi ederrak lagundurik burutu zuten 6 km pasatxoko ibilbidea. Bi bikoteek gogotik sufritu arren ez zen indarrik falta izan ostera alde zaharrean Sagas, Itsaso eta Urki-rekin pote batzuk hartzeko. Esker mila beraiei animatzera etortzeagatik!

Jarraian probako argazki batzuk  ikus ditzakezute.

IMANOL, HAU DENA ZUGATIK DOA!!!!

2013/03/20

Urkiola, "maraton man"

2011. urtea. Suziri Taldea sortzekoa zen, eta gerora suziriak izango zirenek jomuga ezberdinak zituzten buruan; triatloiak onenek, Behobia gehienek. Taldea izango zenak erronka gutxiri egiten zien muzin, baina apenas aipatzen zen “maratoi” hitza. 2011n hasi zen Urki hitz hori erabiltzen, eta erreakzio antzeratsuak jaso zituen lagunen aldetik: “pitzatuta zaude”, “hori ez da sanoa”…
Bi urte geroago, “erokeria” hura egi bilakatu du gure Enekok, Suziri Taldearen lehen maratoia osatuz. Hiru hilabete, 57  entreno eta 707 km utzi ditu atzean, eta bide gogor horretan lagun izan ditu euria, eguzkia, haizea, gimnasioa, erbiak eta abarrak. Igandean jaso zuen horrenbeste landutako uzta.

Bartzelona izan da maratoilariaren lehen “biktima”. 08:33etan abiatu zen Espanya plazatik, eta agudo egin zituen lehen kilometroak, erraz. Sirimiria alde izan zuen lasterketaren hainbat puntutan baina, eguraldia eguraldi, 46:00ko denboran igaro zituen lehen 10 kilometroak; 4:36ra kilometroa. Zirkuitoa gogorra da lehen kilometroetan Camp nou ingurura igotzen baita.

Aurpegi onari eta erritmo jarraiari eutsi zion hurrengo kaleetan ere, eta Diagonal kale luzea ere aise gainditu zuen. Konturatzerako, egina zuen maratoiaren lehen erdia: 1:35:34. Nabarmentzekoa da, besteak beste, bide bazterrak zalez beteta zeudela lasterketaren hainbat puntutan, eta txalogarria izan zen bereziki Joxeanek eta Anek eginiko “beste maratoia”; Bartzelona alderik alde zeharkatu zuten metroan, gure maratoilariari animoak-eta gelak-emateko.

42 kilometroko bigarren herenean hasi ziren komeriak, teorian zirkuitoko zatirik errezena bazen ere. Boxes-etan geldialditxo bat egin behar izan ondoren, kilometroek gero eta pisu gehiago zuten Urkiren hanketan, hain ezaguna den "muro"arekin aurkitu zen. Forumerako bidean, 30 kilometrora iristear hasi zitzaion erbia lanean, eta martxa bat jaitsiz ekin zion probaren azken laurdenari.

Gogorra, latza izan zen azken txanpa. Ordekarik lauenek ere mendateak ziruditen, baina ingurukoak ez zeuden hobeto; lasterkari bat baino gehiagok egin zituen metro ugari oinez. Urkik, berriz, erritmoa nabarmen jaitsita eta oinazeak goitik behera hartuta, baina ia ez zion korrika egiteari utzi. Bizpahiru eten, bikiak luzatu eta zintzurra bustitzeko. Azken kilometroak falta ziren.

Hankak ahulduta baina biriketatik ezin hobeto, giroaz gozatu ahal izan zuen Bartzelonako kale ezagunetan zehar. Zaleek bide estua uzten zieten korrikalariei, eta estilo askotariko musika taldeek ere girotzen zuten proba. 40 kilometroko muga ere gaindituta, gogotsu eta indarrak atereaz egin zituen Urkiolak azken bi kilometroak. Plaza Espanyako jendetza han zen zain, eta gure protagonista ere aipatu zuen speaker-ak helmugaratzean. Azkenean, 3:25:32ko marka ederra eta 2882. postua, 18.000tik gora partaidetik.

Zorionak beraz gure maratoilariari balentriagatik eta baita Suziri Taldeari ere, muga guztiak pausoz pauso hausten ari baita taldea. Egurra!!!

Hemen emaitzen eta bideoaren enlazea:

2013/03/17

La Bicentenaire

Bartzelonako maratoiaren egun berean Iñigok La Bicentenaire izenez ezagutzen den proban parte hartu du La Roche sur Yon herrian, Frantziako Vendée lurraldean. Aurtengoa hamargarren urtea da ospatzen dela, eta bere izena lehen ediziotik datorkio, urte hartan herriaren 200. urtemuga ospatzeko egin baitzen. Antolakuntzak aukera ezberdinak proposatzen ditu, umeentzako lasterketa laburrez aparte oinezkoentzako txangoak ere badaudelarik. Azken batean, proba udaletxeak antolatua denez (inskripzioa doakoa da) helburua ahalik eta jende gehienak parte hartzea du eta nabari da benetan herrikoia dela.

Ibilbideaz hitzegiten hasita lasterketa laburra baina gogorra dela esan liteke. Neure GPS-aren arabera 8,800m-ko bira da, etengabeko gora-beheraz betea. Honez gain, lasterkariak une askotan lokatz edota pista bideetatik igarotzen dira, honek xarma asko ematen diolarik ene ustez, nahiz eta helmugara txerri eginda iritsi. 



Pertsonalki esan askotxo sufritu dudala korrikaldian. Bero-bero atera naiz jendea aurreratu beharrean (Euskal Herrian moduan atton-amonek gustoko dute irteeran lehen lerroetan kokatzea) eta aldapak igotzen joan ahala hankak indargabetu zaizkit. Zorionez lasterketa amaierarako gorputzaldi txarrari buelta eman ahal izan diot, azken metroak duinki burutuz. Batazbesteko erritmoa 4:06 min/km eta bihotz taupaden datuak hobe ez ematea, xD. Azkenean 2800 lasterkari artean 141. sartu naiz helmugan (sailkapena)

Jarraian probatik eta orokorrean Frantziako probetan deigarri egin zaizkidan gauzak:

- Proba honetan, Frantziako lasterketa gehienen moduan, edariak eta jatekoa irten aurretik ia eskuragarri egoten dira (fruta, kafea, brioche-ak, ura...)

- Detaile on bat, umeentzako haurtzaindegi moduko bat zegoen gurasoek korrika egin bitartean seme-alabak bertan egon zitezen. 
- Probaren haseran zein amairan musika taldeak giroa animatzen.


- Txip-a gaurkoan hankan, Euskal Herrian moduan. Aldiz harritu nauena hau ez da bueltatzen, etxera eramaten da. Ez zait oso "jasangarria" iruditzen zeren ostera gehienak zaborretan amaituko dute.
- Proban parte hartzeko "osasun ziurtagiri" bat aurkeztu behar da. Ideia ona da baina errealitatea trixtea. Zertifikatua lortzeko medikuek egiten duten azterketa tentsioa hartu eta ezer gutxi gehiago da. Edozeinek lortzen du. Pertsonalki dirua ateratzeko besterik ez du balio.
- Parte-hartzaileen %48a klub bati atxikitua, eta hori oso-oso herrikoia zela. Hemen minimoki lasterka egiten duen edonor talde batean inskribatzen da eta federatu egiten da.
- Beste dezepzio bat kontsignarekin, edo hobe esanda, kontsigna ezarekin. Nola da posible 6000 pertsonek parte hartzen duten proba batean motxila eta arropa uzteko lekurik ez egotea? Eskerrak kotxean gerturatzea otu zaidan, gainontzean 3 km etxera korrikan txandal prakak eta jertsea uztera. Vraiment incroyable.


2013/03/11

Beasaingo Herri Lasterketa eta Berdebidea

Asteburu honetan lasterketa eskaintza beldurgarria zegoen eta nola ez guk ezin huts egin. Azken aldian taldea flojo xamar dabil lesioak eta alperkeriak direla eta, zorionez ordea badugu taldearen batazbestekoa nabarmenki igotzen duen korrikalari bat: Urki. Izan ere bera izango da suzirion artean maratoiari aurre egingo dion lehena, debuta datorren igande honetan izango delarik Bartzelonako Maratoi ezagunean. Hala igande honetan kilometro batzuk egin eta aldi berean bere osabari erbi-lanak egiteko helburuarekin Beasainen izan ziren mutila.


Beasaingo probak 7 km-ko zirkuitoa zuen, bira bat edo bi emateko aukera zegoelarik. Nola ez, osaba-hilobek 14 km-ak egitea erabaki zuten. Hala lehen buelta 4:55 min/km-ko erritmoan egin ostean bigarrenean zertxobait gehiago estutu eta 4:30ra burutu zuten. Aipatzekoa gainera azken 3 km-ak 4:20ko erritmo bixian amaitu zutela. Badakigu Urki-rentzat iada erritmo hauek pagotsa besterik ez direla baina ziur gaude ongi etorriko zaizkiola hurrengo igandean hankak frexkoxeago izateko.

Aipatu gainera hurrengo asteburuan ez dela bakarrik izango, lagunak eta familia bertan izango baititu animoak eta indarrak emateko prest. Beraz, zorte on eta kemena!!!!

Bestalde ia ordu berean bainan Donostian bigarren urtez Berdebidea lasterketa ospatu zen. Ingurumenaren zaintza bultzatu nahi duen lasterketa honek ibilbide zoragarria du, idazten duen honen ustetan hiriko lasterketa politena delarik. Kontxan hasi, Kristina-Enea igaro, Urumeako paseoa, Boulevard-a... Eta gainera zirkuito labur bat izanik edonork parte hartzera gonbitatzen duena.


Hala bertan izan zen Iñigo Nekanerekin, kasu honetan Urkiren moduan erbi lanetan. Eguraldia ederra zen arren, egiten zuen beroak eta altxatako haize zakarrak uste bainan min gehiago eragin zuten. Lasteketa amaieran gainera Ander-ekin topatu ginen, berarekin batera murgildu genituelarik geure hanka biluziak Kontxako ur izoztuetan barrena. Aukera ezinhobea asteburu eder bat despeditzeko.

2013/02/18

Tuterako Erdi Maratoia

Igande honetan Urkik Tuterako maratoi erdian parte hartu du, eta Bartzelonako maratoira begira plan guztietan hilabete lehenago egin ohi den frogako 21,097 kmak oso pozik amaitu ditu. 1:23:39 markatu dio garminak 21,32 distantzia emanez, denbora ofiziala oraindik jarri gabe dago. Guztira 665 partehartzaile zeuden izena emanda Nafarroako erriberako lasterketa honen 4. edizioan, behin-behineko sailkapenaren arabera 75º postuan helmugaratu zen.


Eguraldi bikaina eduki zuten korrika egiteko, 5 gradu eta behelainoa. Lasterketa erritmo konstantean hasi zuen gure mutilak, lehen 8 kmak pixkat gora egiten zuenez kontrolatzea erabaki zuen, lehen 10kmak taldetxo batean 39:46 pasatu zituelarik, taldea bitan banatzen zela ikusi eta aurrekoekin joatea erabaki zuen, bera eta beste baten artean errelebo bikainak emanaz, hurrengo 10kmak oso azkar egin zituzten 38:56, gutxinaka jendea harrapatzen joan ziren eta hortik aurrera hurrengo taldea harrapatzeko berekin zihoazten biek berriro erritmoa aldatu eta gure suziria atzean utzi zuten, aurretik tiraka egindako lanak ordainduz. Hala ere oso pozik amaitu zuen lasterketa, aurreko astean pasatako gripea kontuan edukiz espero ez zuen marka egin baitzuen.

ZORIONAK MUTIL! BARTZELONA ESPEROAN DUZU IADA!





2013/02/16

Tropela abian da iada!!!

Asteak eta asteak euritan pasa ostean iritsi da azkenean barealdia. Eguzkia atera da eta kirolzale guztiak barraskiloen moduan kalera irten gara eguna profitatzeko asmoz. Hala pelotoi eder bat osatu dugu gaur goizean, askorentzako denboraldiko lehen irteera izan delarik. Eta zer esanik ez Alexentzat, bere bizikleta lehen aldiz errepidera atera baitu. Nola ez, ohitura den moduan, bataioa Aranorako bidean egin du eta esan beharra dago itxura bikaina eman duela. Etorkizun oparoa antzematen zaio.


Bira ez da luzea izan, baina Aranoko bidegurutze arteko maldek iada neguko gehiegikeriak zigortu dituzte. Dena den denok ongi eutsi diogu eta sasoi betean iritsi gara Donostira, bazkaria ongi irabazita. Orain iada hurrengo etapan pentsatzen denak. Helburua nola ez udaberrira maila gorenean iristea izango da, ospatuko diren proba zikloturistetan itxura ona emateko asmoz. Hauei begira gainera Suziri Taldearen maillot berria prestatzeko asmoa dugu. Ea ahalik eta lasterren uniforme berria erakusteko aukera dugun!

2013/01/29

Suziri Taldea: The Movie



2012ko denboraldia amaituta eta 2013koa hasi gabe, entrenamendu aroa bizi du Suziri Taldeak. Lehiaketarik ezean, taldearen blogak ere ez du beste aste batzuetako jariorik. Hortaz, bideo bat osatu dugu, oraindik Suziri Taldea ezagutzen ez duzutenek gure berri izan dezazuen, eta ezagutzen gaituzuenok taldeak emandako espektakuluaz goza dezazuen.

Laster hasiko da 2013ko lasterketa egutegia, eta bertan izango da Suziri Taldea dena emateko prest. Hortaz, adi elastiko gris-berdedunei!

2013/01/06

ERREGE KROSSA

Urteko lehen lasterketa izan du gaurkoan Suziri Taldeak: 83. Errege Krossa. Goi mailako proba da Grosekoa; orain gutxi arte, soilik federatuek zuten parte hartzeko aukera, eta gaur ere lasterketan ibili diren etiopiar, keniar eta enparauek kalitate puntu izugarria eman diote lasterketari.

330 lasterkari eskasek hartu dute parte. Gureei dagokienez, Urkik, Iñigok eta Olanok hartu dute parte proba gogorrean. Izan ere, ordeka nagusi dela dirudien arren, aldapek ederki egurtu dituzte gure suzirien hankak. Ez da sorpresarik izan helmugaratzeko ordenean, eta Urki nagusitu zaigu. Lehen kilometroa 3:37 minutuko erritmoan egin du, baina taldetxoak ihes egin dio bigarren itzulian, eta noraezean ibili da azken kilometroetan. Akituta iritsi da helmugara, baina 3:50tik beherako batez bestekoarekin.

Iñigo atzerago sartu da. Afrikarrek beldurtuta-edo, lasterketa Urkik baino atzerago hastea erabaki du. Edonola ere, ez da kikildu, eta bere ohiko korrikari kidearengandik 16 segundura helmugaratu da. Olano, berriz, bere ligan aritu da; aldapen eraginez erritmoa gehiegi bizitu ezinik, baina erregulartasunez eutsiz. Hirurak helmugaratu dira sailkapeneko lehen erdian, eta aurreneko biak lehen ehunen artean. Emaitza bikaina, probaren mailari erreparatuta.

Hasi du 2013ko konpetizioa Suziri Taldeak, eta kilometro asko ditu aurretik. Hala korrika, nola bizikletaz. Ea, helmugaz gain, bidearekin ere gozatzen dugun!

94. Urki 38:46
98. Iñigo 39:02
153. Olano 43:30