2012/10/28

LASARTEKO HOTZETIK OLATUKO APARRETARA


Zalantzak ugariak ziren gaurko Lasarte Oria Bai! krossaren zitaren inguruan. Ordu aldaketa aurrena, hotz siberiarra hurrena. Gure suziriak eguraldiaren gaineko iritzi kontrajarriekin bertaratu dira Lasartera, baina guztien asmo eta helburuak asebete ditu gaurko lasterketak. Beste behin, suziriek lasterketa leherrarazi dute, maila bikaina emanaz.


Mila korrikalari pasatxok hartu dute parte gaurkoan, eta suzirien bi ordezkari izan dira hogei lehenen artean. Berriro ere. Eta ez dira gehiago izan, gaurkoan aurrealdeko bi protagonista, Aitor eta Imanol, Kasharekin batera, animoak ematen aritu baitira. Lasaitu ederra hartuko zuten zenbaitek aurrealdean, gure bi suziriek parte hartuko ez zutela ikusita, eta zenbat eskertu ditugun animoak korrika ibili garenok.

Gauzak horrela, Agirre izan da helmugaratu den lehen suziria. Hamaseigarren postuan, azken metroetan erakutsitako potentziak argi uzten du Ataungo semea beste pasta batekoa dela. Endika, berriz, ez zaio atzean geratu, eta bi segundo baino ez ditu galdu Agirrerekiko. Maila jauzia eman duela igartzen zaio intxaurrondoarrari.

Azkarren taldean ere zorion eta harrotasun aurpegiak ikusi ahal izan dira helmuga gainditu berritan. Kilometroko lau minutuen langatik aise jaitsi dira gaurkoan Urki, Iñigo eta Unai. Aurreneko biek ia pare-parean amaitu dute saioa, nahiz eta gaurkoan ere Urkiren azken erritmo aldaketak Iñigoren aurretik ailegatzeko balio izan. Rezabal ia minutura ailegatu da, Behobiarako erritmoetan eta egindako lanaz pozik. Aurreko bi "piztien" saioa ahaztu gabe, aipatzekoa gaur hurrengo hiruren lana.

Azkenik, sailkapenaren erdialdean geratu den Olano helmugaratu da. Helburu argirik gabe, duela bi aste Hiru Hondartzetan lortutako emaitza hobetzea beste asmorik ez zuen, eta uste baino hobeto burutu ditu hamar kilometro eta erdiak, 4:30 minutu / kilometroko erritmoan.

Suziriek olatuaren aparretan amaitu dute Behobiarako prestakuntza, lasterketa egutegiari dagokionean. Alea jacta est. Ea bi aste barru gure suziriek olatua tsunami bihurtzen duten, edo bestondo galanta hartzen duten. Gaurkoan bezala, zerura eta Euskalmetera begira egongo dira korrikalariak datozen egunotan.

16. Agirre 35:25
18. Endika 35:27
107. Urkiola 39:58
108. Iñigo 40:00
146. Rezabal 40:54
471. Olano 46:43

2012/10/21

15 km klasikoa

Gaur Suziri Taldeak zita berri bat zuen kirolarekin, eta ordezkaritza zabala bidali du 15 kilometroko "Pedestre" lasterketa klasikora. Suziriek ez dute lagun izan eguraldia, baina, edonola ere, euriak ez du haien metxa amatatu. Behobiarako prestakuntzan giltzarri da gaurko lasterketa, eta horrek ere badu eragina lasterketaren mailan ere.
Gauzak horrela, aurrean ibili ohi diren suziriek ezin izan dituzte gaur zortziko posizio izugarriak berdindu, nahiz eta lan aparta egin duten guztiek. Aurrena Endika helmugaratu da, 36. postuan, egundoko sasoia erakutsiz. Aitor minutu erdi eskasera sartu da helmugan, kalanbreek erabat baldintzatuta. Hala ere, hauspoz ongi iritsi da, eta gerra asko eman dezake hemendik aurrerakoetan.

Atzerago joan dira Imanol, Urki, Iñigo eta Unai. Ipur masaila kargatu eta erritmoa moteldu behar izan du Imanolek. Pena berarentzat, baina haren laguntza ederki eskertuko zuten beste azkarrek. Kilometroa lau minututik beherako batazbestekoan egin dute, eta azken metroetan taldea hautsi du Urkiolak. Segundu gutxira sartu da Iñigo, eta atzerago Imanol. Rezabal hurrena. Partaidetza txalogarria guztiena ere.

Beste liga bat jokatzen zen atzean. Denboraldiko lehen agerraldia zuen gaur Alexek, eta ez da auntzaren gauerdiko eztula 15 kilometrokoarekin hastea. Amaieran, aitortu du bere "diesel" izaera, erritmoa aldatu ezinik. Olanok, bestalde, joan den igandeko sentsazioak konfirmatzea bilatzen zuen, eta, motelago joan bada ere, pozik amaitu du saioa. Alex helmugaratu da segundo batzuk lehenago, baina denbora hobea egin du Olanok.



Orobat, esan beharra dago Suziri taldeak aurpegi ezagunen atxikimendua eta babesa jasotzen jarraitzen duela. Perez Lasa lehen mailako epailea izan zen taldearen lehen saioa ikusi zuen pribilegiatua, eta Baumgartner ohorezko presidente izendatu zuen egun batzuetara taldeak. Gaurkoan, irteera ematekoa zenean, Aintzane Ezenarro Aralarreko kide ohiarekin hizketan aritzeko parada  izan du gure ordezkarietako batek. Ezenarrok aitortu du bere lehen lasterketa zela gaurkoa, eta ziur zirudien 15 kilometroak aise burutuko zituela. Zorte ona opa dio taldeari.

Amaitzeko, Flygroupen lan kaskarra aipatu behar da beste  behin. Kamixetan La Caixaren eta El Diario Vascoren iragarkiak jarri izanari gehitu behar zaio inskripzioaren prezioa eta horren truke jasotako jan-edan eskasa.

Hurrengo zita, Lasarte. Gero eta gutxiago falta da, goazen Suziriak!!!

Hauek izan dira emaitzak:

36. Endika: 52:56
48. Aitor: 53:28
313. Urki: 59:23
331. Iñigo: 59:30
333. Imanol: 59:44
411. Rezabal: 1:00:27
1751. Zabaltza: 1:12:24
1764. Olano: 1:11:33



2012/10/14

XXIII 3 Hondartzetako Krossa

Gaur goizean ospatu da 10 km-ko klasiko hau eta aurrekoan idatzi bezala suziriek lehen aldiz beren elastiko berria estreinatu dute lasterketa ofizial batean. Lehen proba honek zalantza ugari sortarazi ohi ditu guztiongan, lehen test garrantzitsua baita. Sorpresak izan diren arren esan liteke denok maila benetan txukuna eman dugula.



Lasterketarako giroa bikaina izan da, ez hotz, ez bero, euriak euriak eutsi egin diolarik. Zorte ona izan dugu zeren proba amaitu eta gutxira sekulako ekaitza sartu da kostaldetik. Parte-hartzaile kopurua ikusgarria izan da, azkenean 2800etik gora aritu baikara ibilbidean zehar. Hori bai, gure ustez antolakuntzak irteerarekin zer egin pentsatzen hasi beharra dauka. Gure taldekide batek esango lukeen bezala, "sekulako kakaoa" montatzen da karrera abian jartzen denean.

Gaurkoan taldeak 9 suziri bidali ditu probara eta guztiek lan bikaina burutu dute. Batzuk besteak baina gustorago amaitu dute baina azpimarratzekoa lehen 31en artean lau taldekide sartu direla sailkapenean!!! Imanol izan dugu guztietan azkarren. Badirudi mutila triatloietatik guztiz berreskuratua dugula. Adidas ia patrozionio eskaintza prestatzen ari zaio. Bigarren sartu da eguneko sorpresa, Endika. Denok dakigu iturendar honek sekulako potentziala duela. Bere anaia eta Imanolekin entrenatzeak asko espabilarazi du. Aurkariak kikiltzen hasiak dira. Ostera Agirre eta Aitor iritsi dira nor baino nor, lehenak garaitu duelarik esprintean. Aitor aurretik izan da ia lasterketa guztian baina amaieran atzetik etorri eta saria kendu dio ataundarrak. Handik minutu batzuetara "beste azkarrak" iritsi dira. Konkretuki Urki izan da lehena. Iñigorekin aritu da lasterketa guztian zehar baina erakutsi du berriro ere azken metro beldurgarriak dituela. Ondarretako pasealekuko hondar-aleak astindu galanta jaso dute bere pasoan. Metro gutxitara Unai heldu da. Ibilbide guztian bikotea bistan eduki duen arren ez du arriskatu nahi izan. 45 minutu inguruan agertu da Landa. Hankek 4:30eko erritmoari gustua hartu diote eta ez dira gehiagora animatzen momentuz. Serio entrenatzen hasi behar du bere benetako mailara iristeko. Minutu ingurura berriz Olano. Beldur apur bat zuen lasterketarako baina azkenean erritmo on batean aritu da. Bere Adidas Boston berriak izango ote? Behobiararte asko hobetuko du. Taldekidea ez den arren, aipatu Nekane ere lehen aldiz aritu dela 10 km-ko proba batean. Erdialdean zerbait sufritu duen arren lasterketa indartsu amaitu du. Azpian guztion postu eta denborak ikusi ditzakezute:


19. Imanol  34:15
26. Endika 34:50
30. Agirre 35:05
31. Aitor  35:08
169. Urki 39:42
176. Iñigo  39:48
194. Unai  40:05
773. Landa  45:17
972. Olano 46:44

Eskerrak eman Erregerenatarrei ta bereziki bere amari horren argazki ederrak ateratzeagatik. Ta ez ahaztu hau hasi besterik ez dela egin, hurrengo astean 15 Km-ko Klasikan ikusiko gara berriz. AURRERA SUZIRIAK!!!

2012/10/12

Igande honetan 3 Hondartzetako Krossa

Esan liteke proba honekin ofizialki estreinatzen dela Donostialdeko running denboraldia. Dakizuten moduan lasterketa honen ibilbideak 10 km inguru ditu (errealitatean metro batzuk gutxiago izan arren) eta guztiz laua da, beraz aukera bikaina izaten da norberaren sasoi puntua ebaluatzeko. Aurtengo ekitaldian gainera partehartzaile errekor berria dugu, pertsona kopuru mugara iritsi baitira antolatzaileak, 3100 izen-emate lortu dituztelarik. Azpian ikuskatu dezakezute korrikalariok burutuko dugun zirkuitoa.


Adi egon Aquarium-eko eskaileretan behera sortu daitezkeen jende-pilaketa edota estropozuekin!

Bestalde igandekoa egun handia izango da bertan estreinatuko baitugu ofizialki Suziri Taldeko elastiko berria. Bi modelo ezberdin ditugu, mangarik gabekoa eta manga motzekoa, baina biek azpian ikus dezakezuten diseinua jarraitzen dute. Sartu zazue ongi zeuen buruetan zeren suziri berdeak abiada batean pasako dira Donostiako kaleetan zehar.



2012/10/08

II. Igeldoko Suziri Igoera

Aurreko larunbat arratsaldean Igeldoko Igoeraren bigarren edizioa ospatu genuen lagunok. Honako honetan ere bero galanta egiten zuen arren 11 korrikalari aritu ginen maldan gora. Nobedadeak Unai eta Alex izan ziren, Olanok huts egin zigularik lan kontuak direla eta.


Ondarretako inguruetan beroketa lanak egin ostean (batzuk urrutirago ere joan ziren, xD) denak prest ginen 18:40ak aldera goruntz abiatzeko. Betiko moduan Julen jaunak suziri izpiritua jarraituz ziztu bizian atera zen bainan segituan gure "makinek" irentsia izan zen. Hala, lehen 200 metroetarako lasterketak iada norbera zegokion taldean kokatua zuen.



Aldapan izandako bilakaeraren datu zuzenik ez dudan arren korrikalarien helmugaratzea honela joan zen. Lehen postuan aurten ere Aitor sartu zen, berriro ere marka bikaina eginez gainera. Dena den aurkari gogorra izan zuen, Imanol-ek ia amaierararte eutsi baitzion Intxaurrondoko semeari. Eskerrak gaizki zegoela esan zigun lasterketa aurretik, bestela...  Hirugarren postuan zertxobait atzerago Agirre iritsi zen. Diotenez asko findu du aurtengo Behobiara begira baina oraindik punttu bat falta zaio. Akaso jaso berri duen bisita dela eta? Endikak ere ez zuen huts egin eta laugarren heldu zen, aurreko urteko denbora hobetuaz. Urtez urte aurreko basapiztiei hurbiltzen doa. Bostgarren eta seigarren Unai eta Iñigo iritsi ziren, azken honek igoera guztian bizkarroi lanak egin zituelarik, errelebo bakar bat ere eman gabe. Zazpigarren Urki izan genuen, erritmo onean zihoan arren azken aldapak min egin ziola ziurtatu zuen helmugaratzean. Ostera Polek hartu zuen gaina. Igoeretan espezialista den arren momentu hauetan ez dago sasoirik onenean, San Silvestrerako erreserbatzen egongo ote da? Bederatzigarren whatsapp-ean edonor dardarka jartzeko gai den Julen iritsi zen, aurreko urteko denbora berdinduz. Badakigu bere helburua Abenduaren 31ean topera egotea dela, hortaz itxaron egin behar noraino iristeko gai den ikusteko. Hurrena, 3 minutuko atzerapenarekin, bere "artxiarerio" Alex izan zen. Posible da Iruñean burutzen ari den entranamendu luze horiek erresistentzia landu arren potentzia barik utzi dutela gizasemea. Goi-mailako txirrindularitzan moduan ikusi beharko bi handiak (Behobia eta San Silvestrea) topera prestatzea posible den ala ez... Eta amaitzeko aipatu Aldasororen estreinua. Sagas-ekin eginiko apustuak barruan duen lasterkaria azaleratu du eta azken hilabetean serio entrenatzen dabil. Herriak San Silvestre aurretik lasterketa batean parte hartzera bultzatu nahi du.

Azpian lasterketako denbora probisionalak jartzen ditut. Dena den gustatuko litzaidake norberak bai komentarioetan edo bai post-ean bertan karreran zehar izan zituen sentsazio edo istoriotxoez zerbait idaztea, blogari bixigarri pixka bat emateko asmoz.

1. Aitor 27:15
2. Imanol  27:17
3. Agirre  28:42
4. Endika 29:15
5. Unai R. 31:07
6. Iñigo  31:10
7. Urki  32:20
8. Pol  34:34
9. Julen L. 35:43
10. Alex  38:53
11. Unai A. 41:10

Eta noski, eskerrak eman Zepe, Lertxundi eta Uxueri erreportari lanagatik eta emandako animo guztiengatik. Hurrengo urtera arte!!!

2012/10/06

Abiadura probak Miniestadioan

Gaurkoan denok zain ginen Unai eta Sagasen arteko 400 metroko lehia ikusteko. Azken orduan ordea Groseko gure mutilak kale egin du eta bertan behera geratu da eguneko estelarra. Dena den bertan agertu garen gainontzekoek bete dugu esana eta 100 metro zein 400 metrotan aritu gara nor baino nor. Aipatu bi probetan lehena Agirre izan dela, nahiz eta potentziaz uste bainan baxuago ikusi dugun. Zergatik ote????


Elkartzearen beste arrazoietako bat Suziri Taldearen kamixeta ofizialen banaketa burutzea zen. Elastikoak politak dira benetan nahiz eta neurri kontuetan batzuei besteei bainan hobeto geratu zaien. Argi dago luzitzeko gutxi jan eta asko korritu beharko dela!



Gaur arratsaldean Igeldoko Igoera ospatuko da hortaz ongi deskantsatu eta indartsu etorri!