2013/09/29

Buru osasunaren aldeko 5 Miliak

Gaur goizeko 10tan II. edizioa duen Donostiako buru osasunaren aldeko 5 miliak lasterketa ospatu da, bertan Urki gure suziria izan dugularik taldearen ordezkari bakarra.

Lehen kilometroetan hasiera bizia egin dute lasterkari guztiek, baina gure mutilak azti jokatu du eta erritmoa kontrolatuz abiatu da. Bigarren kilometro aldera sorpresa atsegina eduki du, Harkaitz (gure IMANOLen laguna) gerturatu baitzaio kilometro batzuetan laguntzera. Hala biak elkarrekin erritmoa egonkortu eta gutxinaka lasterkariak pasatzen joan dira, behin alde zaharrean sarturik eta Joxeanen animoak jaso ondoren, erritmoa pixkat bizitu dutelarik. Momentu hortan Mikel osaba azaldu da bizikletaz, bere irteera pixkat laburtuz hiloba animatzeko. Hari betaurrekoak eman eta Kontxatik aurrera pixkat gehiago estutu du, momentu hortan gure suziria bakarrik gelditu delarik, korrikalari dexente aurreratuz. Azkenean 8km 29:41ko denboran burutu du, helmuga 40. postuan zeharkatuz. Hemen duzue sailkapen nagusia.

Aurten sasoi onean dagoela erakusten ari da zalantzarik gabe. Adi hortaz datozen asteetako lasterketetara.



2013/09/23

III. Igeldoko Suziri Igoera

Beste urtebetez lagunok Igeldoko Igoera ospatu genuen aurreko larunbatean. Hirugarren edizioa dugu iada, eta klasiko bat bihurtzen ari denaren sentsazioa geratzen zaio bati. Aurtengoa zoritxarrez lasterketa berezia izan da, gure Imanolek ezin izan baititu Igeldoko harri txingorrak astindu. Hala ere birritan esan dugun moduan, ez gaituzte berehalakoan geldituko, eta horrexegatik txapeldun handia gogoan izanik maldan gora jarri ginen larunbatean. Aipatu berriz, albiste pozgarri moduan, lasterkari berriak ere izan genituela: Herrero, Ander, Ansorena, Xabier eta Nekane. Huts egin ziguten tamalez Agirre, Landa, Aldasoro eta Oihanak, baina ziur hurrengo urtean bertan izango ditugula.

Azken proba, aurreko urteetan ez bezala, goizez antolatu genuen. Esan liteke gustokoago dugula arratsean egitea, baina kasu honetan ere futbolak markatu zigun ordutegia. Honela bada, eguraldi eder baina bero batekin elkartu ginen Ondarretako pasealekuan. Kotxeak Igeldoko Polipasora utzi eta behera jeitsi ostean, hankak pixkat berotu eta Igeldoko aldapa gogorrak erasotu genituen. Hasera benetan bortitza du portuak, eta lehen metroetan iada guztiz apurtu zen taldea, Erregerenatarrak garaipenaren bila abiatu zirelarik. Lehia estua espero zen bien artean, Imanol eta Agirreren faltak faborito bakar gisa uzten baitzituzten. Hala, haseran biak elkarrekin eutsi arren, Endikak anaia atzean uztea lortu zuen. Aitorrek ez zuen behar bada egunik onena izan, baina Endikaren sasoi puntuak ikaratuta gaitu. Ba ote mugarik mutil gazte honek?

Gainontzekoen artean (beste azkarrak bezala ezagunak, xD), Urki izan genuen lehena. Entrenamenduak serio daramazki eta emaitzak azalekoak dira, aurreko urteko marka pertsonala erraz hobetu zuelarik. Atzerago eta bihotza ahotik bota beharren Iñigo iritsi zen, indartsu hasi eta ostera garesti ordainduta. Ez zen urruti ibili Paul. Mendi lasterkari bikaina dela badakigu, eta posible da dituen belaun arazoak bere benetako maila ikusten utzi ez izana. Indartsu bueltatuko da ziur. Hurrena Iñigo Herrero izan zen, aurtengo fitxaketetako bat. Arraun denboraldia bukatuta gorputza nahiko astindua izango du, ta hala ere betiko moduan maila bikaina eskeini zuen. Atzetik jarraian berriz Unai. Tendinitis arazoekin ibili da mutila baina ikusten da lesioa atzean utzi eta goruntz doala. Fijo bat beti bezala. Beranduxeago helmugaratu zitzaigun Olano jauna. Aurten esperantza handiak jarrita ditugu beregan, eta badakigu lasterketa ofizialetan zeresana emango duela. Ez zuen ordea bere denborarik onena egin, baina esan bezala salbuespen bezala hartu dezakegu. Atzerago Alex, argazkietan ikusi daitekeen moduan irribartsu. Dena eman ote zuen? Soberan ote zihoan? Joker galanta dugu dudarik gabe. Hurrena berriz aurtengo sorpresetako bat, Xabier alegia. Badakigu zelako maila duen bizikletan, baina beti izan du zokoratuta lasterka egitearena. Denboraldi honetan animatu zaigu eta espero dugu jarraitasuna eman diezaiola, ziur baikaude bere ahalmenaz. San Silvestrean ikusiko ote dugu lehian? Ez oso urruti Ander, gure exiliatu poloniarra. Uste dugu azken hilabete hauetan bere edari energetiko kuttunena vodka izan dela. Adaptazio mailan egongo da oraindik ziurrenik, baina beti bezela urte zaharreko lasterketan egurrean ikusiko dugu. Jarraian berriz Ansorena iritsi zitzaigun, aurtengo nobedadeetako bat. Azken hilabetetan bizikleta zein lasterka serio jarri da eta denboraldiari begira ziur gaude etengabe goruntz egingo duela. Ez zen larunbatekoa estreinurik errazena izan, baina ziur hurrengo hilabetetan txip-ak astintzen ibiliko dela. Eta azken txanpan, baina akaso meritu gehienarekin, Nekane helmugaratu zen. Partaide emakumezko bakarra berau, gogor eutsi zion erronkari eta atsedenik gabe egin zituen 6,5 km-ak. Behobia buruan duelarik, ikusteko dago zelako marka egingo duen bertan. Adi egon beharko gara, hori ziur.
Azkenean sari banaketa eder baten ostean potetxo bat hartu eta hurrengo urtean errepikatzeko asmoz jeitsi ginen Donostiara. 

Jarraian sailkapena bat uzten dizuegu (* duten denborak gutxi-gora-beherakoak) eta baita geroxeago etorriko den bideoaren aurrekari bat:

1. Endika 28:35
2. Aitor 29:50
3. Urki  30:59
4. Iñigo A. 31:58
5. Paul  33:04
6. Iñigo H. 34:25
7. Unai 35:00
8. Jon O.  39:51
9. Alex  41:30*
10. Xabier C. 44:00*
11. Ander 45:00*
12. Xabier A. 46:00*
13. Nekane 47:28



2013/09/16

Porrontxotan ere korrika

Udako jaietako plaza nagusietako bat dira Egiako Porrontxo jaiak, besteak beste, hasiera ematen diotelako Behobiara arteko Ramadanari. Aurten, ordea, Suziriek ez dituzte soilik Porrontxoen alde parrandazalea baliatu, eta korrika denboraldirako entrenamendu bikaina izan daitekeen Porrontxo krossean hartu dute parte Urkiola eta Olano suziriek.

Atseden unerik gabeko lasterketa da Egiakoa; gogorra, intentsoa lehen metrotik. 6,5 kilometro pasatxoak osatzeko, zirkuitu aldapatsuari bi itzuli eman behar zaizkio. Gauzak hala, ziztu bizian abiatu ziren gure bi suziriak lehen metroetan, maldan beherako abantaila probestuz. Lasterketa hasi aurretik, ordea, nabaria zen han biltzen ari ziren korrikalariak ez zirela nolanahikoak, eta horiek ere lehen unetik sartu zuten bosgarren martxa.

Aurreko taldea begiz jota zuela egin zuen lehen itzulia Urkiolak, eta atzerago Olanok. Justizia epaitegitik Mundaizera, handik Gladys Eneara, eta hortik aurrera komeriak. Ametzagainako aldapak bere justizia ezarri zuen, eta aldeak handituz joan ziren pixkanaka. Arnas uneak izan ziren berriz ere Egiako puntu altuenetatik Bukowski aldera jaistekoak, baina gure suziriak hasiak ziren Ametzagainako ajeak hanketan nabaritzen.

80 korrikalari baino ez ziren izan lasterka Egian, eta, proba motza bazen ere, gure suziriek bakar-bakarrik igaro behar izan zituzten metro asko; handiak ziren korrikalarien arteko tarteak, eta bi suziriek ezin izan zuten taldean joatearen abantailaz gozatu. Nolanahi ere, bigarren aldiz ekin zioten aldapatzarra igotzeari; pausoa laburtu, arnasa hartu, eta azken kilometroetan dena ematera.

Nabarmentzekoa da egiatarrek lasterketan zehar jarritako giroa. Bukowski parean aurrena eta Ametzagainako maldetan gora hurrena, auzotarrek gogotik animatu zituzten lasterkariak, Egiako kaleak Tourmaleten gora ikusi ohi diren bidezidorren tankera hartuz. Haien txalo eta oihuek hauspotu zituzten korrikalariak.

Azkenik, 26:27ko denbora eginda helmugaratu zen Urkiola, hemezortzigarren postuan sailkatuz. 3:53ko erritmoan osatu zuen lasterketa gorabeheratsua. Olano, berriz, nabarmen atzerago heldu zen, baina 30 minututako langatik bera hura ere; 29:57, 44. postuan, 4:27ra. 

Korrika ibili ziren suziriez gain, bertan izan ziren animoak ematen Ane, Itsaso, Rezabal eta Endika. Bi lehenek egindako bideoei esker osatu dugu bideoa.
 
Hurrengo geltokia, Igeldo.


2013/09/14

III. Igeldoko Suziri Igoera bertan dugu

Denbora da bloga lo dugula, baina lasterketa denboraldia hastear da (iada hasi ez bada) eta nola ez, aurtengoan ere dagoeneko klasiko bat bihurtzear den Igeldoko Suziri Igoera ospatuko dugu datorren larunbatean. Konkretuki irailak 21ean goizeko 11ak aldera abiatuko da Ondarretako pasealekutik. Aurtengoan proba goizera pasa behar izan dugu arratsaldean gure Reala maiteak Anoetan jokatzen baitu. Ikusi beharko aurten nola iristen diren gure lasterkariak, lehia gogorra baitirudi Erregerenatarrak eta Agirreren artean. Ezin ahaztu noski faboritoetako faltako zaigula, gure Imanol handia. Beregatik eta beretzako joango dira lasterketako esfortzu eta indar guztiak.


Besterik gabe aurreko urteetako argazki sorta eta bideoekin uzten zaituztegu.