2012/12/31

Suziri festa San Silvestren

Tropel oparoa aurkeztu du gaur Suziri Taldeak urteko azken lasterketara, Donostiako Satza memorial edo San Silvestrera. Lasterketa "herrikoia" izanik, urtea behar bezala amaitzeko hitzordu saihestezina da urtezahar egunekoa, eta bertan izan da Suziri Taldea. 

Gaurkoan, bazirudien antolatzaileen neurri eztabaidagarriek -hots, kamiseta ofiziala erabiltzeko derrigortasunak- Suziri Taldearen presentzia ezkutatuko zutela; alferrik. Babak eltzetik atera ditu Aldasorok, eta mozorro onenaren saria ezbairik gabe merezi zuen suziria eraman du soinean. Bejondeiola!



Kirol arloan, gureek ikuskizuna eman dute aurrealdean beste behin. Egurra eman eta TOP10ean helmugaratu da Imanol, sarietatik bi postu eskasera. Urtea sasoiko amaitu duela erakutsi du. Tartea atera die Agirreri eta Endikari, eta haiek ere badute pozik eta harro egoteko motiborik; sailkapenera begiratzea besterik ez dago.

Hurrengo tropeltxoan, badirudi Urkiren nagusitasuna handitzen ari dela. Dena ematen ari da Bartzelonako maratoia begiz jota duela, eta bidean dituen lasterketa guztietan uzten du entrenamendu saio gogorren emaitza. Ezin lo hartu, ordea, atzetik gogor baitatorkio Iñigo: gaurkoan ere 3:48ko erritmoan egin du korrika, atzerrian entrenatzearen oztopo guztiei izkin eginez. Aspaldiko partez, gaurkoan Pol ere aritu da, eta agerian utzi du mutil honen genetikak askorako ematen duela.




Aparteko parrafo bat merezi du Landaren lasterketak. Isil-isilik, gaur jaso du egindako lan eskergaren uzta oparoa. Kilometroa lau minututik behera egiten dutenen klubean sartu da gaur. Urratsa baino, jauzi erraldoia egin du gure Julenek.

Atzerago ailegatu dira Azurmendietan txikiena, Olano, Zabaltza eta Ander. Anaiak bezala, dohainak ditu Aitorrek, eta nahi gabe ere marka itzelak egiten ditu; hala egin du gaur ere. Olanok hamar egun eman ditu sedentarismo kezkagarri batean iltzatuta, eta zalantzak zituen bere formaz; ongi eutsi dio, eta egonkortzen ari zaigu 4:15ko erritmoaren bueltan. Zabaltzak eta Anderrek ere erritmo txukuna defendatu dute lasterketa osoan zehar, eta aipatu beharra dago lehenak urtebetean egin duen hobekuntza nahiz bigarrenak korrika egiteko ohiturarik gabe ere egin duen marka.

Parrafo berezi bat merezi duen bestea da Aldasoro. Arestian esan bezala, Suziri Taldea kamera, korrikalari eta ikusleen begibistan jarri du; kamiseten homogeneizazio garaian, originaltasuna eta izaera herrikoia eman dio lasterketari. Hori gutxi ez eta 8,5 kilometro osatu ditu kartoi eta bero artean. Besterik gabe, ezin hobea.



Eta tradizioari eutsiz, gure Lertxundik aitarekin korrika eginez amaitu du urtea. Gaur ordea, ez dira bi izan, hiru baizik: Usue festara batu da, eta handiagotu egin du Suziri Taldearen sekzio femeninoa.

Ez dira errepidean egon, baina urtea amaitzen dugun honetan ezin ahaztu gure bi suziri kuttun: Aitorrek eta Rezabalek ezin izan dute korrika egin lesioak tarteko, baina ziur laster itzuliko direla lehiatzera;  dagozkien postuetara gainera. 

Urte berri on guztioi!!



7. Imanol 28:06
13. Agirre 28:42
17. Endika 28:50
64. Urkiola 31:27
87. Iñigo 31:59
150. Pol 33:38
169. Landa 33:36
276. Aitor 35:04
374. Olano 35:49
617. Zabaltza 38:48
663. Ander 39:21
2628. Aldasoro 50:59
2867. Lertxunditarrak 55:21
2869. Usue 55:44

2012/12/23

Antxoko Gabonetako Krossa

Gaur goizez Pasai Antxon ospatu den Gabonetako Krossa-n izan dira gure lasterkariak. Jendea kilometro gosez da eta ez da gai izan San Silvestre arteko aste biak lehiatu gabe eusteko. Bost kilometrora iristen ez zen ibilbidean aritu dira Urki, Iñigo eta baita Nekane ere. Eguraldiari erreparatuz gezurra zirudien gaurkoan negua zenik, 20ºC-tik gorako tenperatura eta hego haizea izan baitute lagun. Lasterketan 3 bira eman behar izan dizkiote Antxoko kaleetan barnean antolatutako zirkuitoari, aparteko aldaparik gabekoa eta jende giro ederrean.


Suzirien artean Urki izan da azkarrena. Helburu nagusitzat martxoan ospatuko den Bartzelonako Maratoia du, baina bitartean Gipuzkoako herri lasterketa guztiak astintzeko asmoa du. Behin zapatila mixtoak jarrita ez da gai 3:50tik jeisteko eta ikusi beharko San Silvestrean zelako marka eskeintzen dien bere jarraitzaile sutsuei. Lehen kilometroa, aurrealdeko oilar guztiekin borrokatu beharrean ziztu batean egin du 3:22ko erritmoan. Halere segituan erritmoa jeitsi behar izan du bide erdian leherturik gera ez zedin. Hala, tarteko kilometroetan pixka bat baxutu ostean 3:38 min/km-ko batazbestekoaz amaitu du, azken kilometro indartsu batekin. Eneko Garin eta konpainia iada kikiltzen hasiak dira hurrengo denboraldiari begira. Ramadan luze bat, boladora batzuk eta laser depilazio batek zerura eraman dezakete gure amarako mutila.

"Zertxobait" atzerago helmugaratu dira Nekane eta Iñigo, gure Julenek horren gustoko duen Heidi style-ari ohore eginez armonia bikainean iritsiz. Beldurra zen bikotean errieta batean amaituko ez ote zuten baina azkenean gabon giroari ohore eginez zintzo eta kontzentraturik joan dira. Lasterketa orekatua egin dute gainera, 5:10 min/km-ko erritmoa ia uneoro mantenduz eta ibilbidean zehar arlekin, txarangalari eta pailazoekin lehiatuz. Arantza bakarra Giroki-ko tabernari "indartsua"-ren atzetik amaitzea izan da. Dena den anti-dopping kontrolen ostean ikusiko da atzo honek jandako tortilla-txaka guztiz garbia zen ala ez. Suspicious...
Lasterketa amaieran txorizo mokadu eta salda bero-beroa jaso dute korrikalari guztiek. Sari bikaina goizeko lanak amaiturik zituzten guztientzat. Iñigo eta Urkik ordea Amararaino korrikan bueltatzea erabakia zutenez sabel-hutsik bueltatu dira etxera, Unairen gidaritzapean. 
Azkenik betiko moduan eskertu animatzera etorri diren taldekide eta supporter guztiei : Olano, Itsaso, Unai R., Ane eta Ander alkategaia. Horrela bai!!!

Argazkiak eta bideoak ikusi edo jeitsi nahi badituzute sakatu link-a.

2012/12/16

ZIZURKIL GAU KROSSA - BOUCLE DE LA TOURLANDRY

Kirol asteburu oparoa izan dugu atzo eta gaur, eta bi lasterketatan izan da Suziri Taldea. San Silvestreak jomugan, gure suziriek ez dute hilaren 31ko zita prestatzeko lagungarriak izan daitezkeen lasterketak igarotzen utzi. Zizurkilgo Gau Krossaren 16. edizioan izan zen suziri gehien; han izan ziren Urkiola, Olano eta Zabaltza, Unai, Zepe, Eguzki eta Endikaren animoak jasotzen.

Egutegiko lasterketarik ederrenetarikoa dela argi utzi zuen beste behin Zizurkilgo lasterketak. Giro polita, herritar asko begira, lasterketaren prezio herrikoia eta opari orijinal bezain probetxuzkoa (txalekoa). Eta, ezin ahaztu, amaierako txokolate eta pasta festa. Antolatzaileak zoriontzeko moduko jaialdia.

Ez zuten iazko eguraldi traketsik izan korrikalariek, eta ateri eta hamar gradu inguruko tenperaturarekin egin behar izan zuten korrika. Urki suziri baten moduan abiatu zen, eta azkar jarri zen aurreneko postuetan. Gogor hasi eta erritmo biziari eutsi zion, amaierako emaitzak erakusten duen bezala; 27. postua, zazpi kilometroak 3:46 minutu kilometroko abiaduran eginda.

Suzirien artean bigarren eta orotara 67. helmugaratu zen Olano. Egurra emanaz hasi zuen proba, baina erruz sufritu zuen erritmo txukuna mantentzeko. Kilometroa 4:13 minutuan egin zuen batez beste. Zabaltza ere berotuta irten zen lehen kilometroetan, eta ibilbidean bakarrik sufritzea egokitu bazitzaion ere, erakutsi zuen bere diesel izaera mito bat dela, eta gero eta gertuago dagoela gasolina izatetik. 99. postuan iritsi zen, 4:21eko erritmoan. Podiumean Urkiren albo banatan egon ziren biek pozarren amaitu zuten lasterketa, iaz zita berean 4:35eko abiadura eraman zutelako batez beste.

Honakoak izan ziren emaitzak:

27. Urki. 26:13
67. Olano. 29:04
99. Zabaltza. 30:30

Suzirien garrak, Frantzian ere ikusgai


Igande goizean, Frantzia barnealdean izan dute Suziri Taldearen ikuskizunaz gozatzeko parada. Boucle de la Tourlandry-n hartu du parte Iñigok, Loira eskualde ederreko herri txiki batean, La Tourlandry-n alegia. Benetan xarmaz beteriko ibilbidea da, herrian zehar zein inguruko laku eta belardiak zeharkatzen dituena. Lehen kilometroetan gartxuki abiatu da Iñigo baina gogotik ordaindu du amaieran bere gain-esfortzua. Izan ere 5. kilometroan aldapa labur baina gogor batek jota utzi du mutila. Azkenean emaitzarekin konforme azaldu ez bada ere, ezin esan haren denbora txalotzekoa ez denik: hamar kilometro pasatxo 40:58an egin ditu, 4:03ko erritmoan, milatik gora parte hartzaileetatik 145. postuan helmugaratuz. Jarraian herrian ateratako argazki bakarra (beldur pixkat ere ematen du) eta ibilbidea ikusi ditzakezute. Gure korrikalariak ez du askoz gehiagorako astirik izan: iritsi, korri egin eta ospa.




Bi aste baino ez dira geratzen urteko zita garrantzitsuenetako baterako; hemen da Satza memoriala, eta taberna baten epeletan (edo beroaldian) botatako apustuak oroitzeko unea.

2012/11/25

Donostiako Maratoia: 42ak, beste baterako

Behobia atzean utzita, konpetiziora itzuli da gaur goizean Suziri Taldea. Donostiako Maratoiaren 35. edizioa ospatu da, eta gaurkoan ere gure suzirien ordezkaritza bat bertan izan da. Gehienak, maratoiaren laurdena osatzeko; Imanolen kasuan, 26 kilometroz erbi lanetan aritzeko. Hori da hori laguntzeko grina.

09:00etan eman diote irteera lasterketa nagusiari, 42 kilometrokoari, eta hamar minutu geroago abiatu dira 10.200 metro egin behar zituztenak. Bigarren multzoan abiatu dira hiru suziri -Urki, Landa eta Olano- ia 700 lasterkariren artean, eta haietatik 500 helmugaratu dira ailegatu den azken suziriaren atzetik. Hamar gradu inguru eta euri tanta batzuk; ezin gehiago eskatu.

Aurrean atera da, bakarrik, Urki. Bi kilometro ingurura hasi da Imanolen laguntza jasotzen, eta, Urkik berak gerora aitortu duenez, egindako denboraren erantzukizun handia du erbi lanetan aritutako suziriak. Estu eraman du, etengabe animoak emanez, baina amaitzerako bere marka pertsonala birrindu du. Kilometroko 3:46 minutuko batez bestekoa, eta astetik astera hobetzen. Non du muga?

Atzetik, lau minutura, sartu da Landa, eta hamabost segundo geroago Olano. Biek hasiera-hasieratik hartu dute erritmoa, eta ez dute baretu Anoetara iritsi arte. Zenbait unetan "gantxoarekin" eraman du Landak Olano, eta bizpahiru kilometroren faltan ireki du tartea. Landaren marka izugarriak Satza memorialera begira jarri du, eta Olano sinesgaitz agertu da gaurko markarekin, espero gabe marka pertsonala egin baitu.

Arestian esan bezala, ezin aipatu gabe utzi Imanolen parte hartzea. Eskuzabal jokatuta, 26 kilometro egin ditu goizean besteei lagundu beste asmorik ez zuela. Suziri spirit.

Emaitzak:

83. Urki. 38:15
191. Landa. 42:33
195. Olano. 42:47

2012/11/12

#BehobiaSS: EPIC RACE

Bikaina. Jatorria Euskal Herriaren iparraldean duen hitza da "bikain", eta jatorri duen lurraldearen mugatik gertu abiatu da gaur suziri taldea, beste 24.990 lagun ingururekin batera, herri lasterketen zita nagusian. Bikaina izan baita suzirilari guztien parte hartzea, bikaina emaitza, eta, batez ere, bikaina guztien jarrera. Bikain errepidean aritu diren suzirizaleak, eta bikain, beste behin, bide bazterrean eta euriari aurre eginez lasterkariak hauspotzen aritu diren suzirizaleak. Ez dute haiek ere meritu makala.

Bikaina baino, esan liteke aurrealdeko suzirizaleek lortutako emaitzak ohorezko matrikula merezi izan duela. Izan ere, ez dira talde asko izango, baten bat baldin badago, bere kideetako lau euren kategoriako aurreneko 100 sailkatuen artean helmugaratzea lortzen dutenak. TOP 100, 25.000 korrikalaritik, alajaina, donostiarren artean TOP10ean sartu zirelarik. Edozein egunkariko portada izan liteke suziri taldearen txanpions-ean jokatzen dutenek Bulebarrera iristean utzi duten irudia; eskutik helduta, helmugaren marra elkarrekin gurutzatzen. Laura Chamorro Teledonostiko kazetariaren arreta ere piztu dute, helmugan eginiko elkarrizketan ikus daitekeenez. Pena Agirre segundu gutxi batzuk aurretik sartu izana, baina gaur inork ez zuen taldeko laugarren gelditzerik merezi. Lan izugarria, mutilak!

Gure mutilak Mirakruz-eko gainan

Laurek hobetu dute Behobian zuten marka, eta halaxe egin dute hurrengo biek ere. 1:20ko mugatik behera jaitsi nahi zuten Iñigok eta Urkiolak, eta gertu izan dute helburua. Edonola ere, ez dirudi biek ala biek goia jo dutenik. Bere errekorrari bi minutu luze kendu dizkio Urkik, eta zortzi, bata bestearen atzetik, Iñigok. Lortu duen sasoia beldurgarria da, eta, esan bezala, auskalo non duten muga bi hauek.

Gaurko bere buruari jarriak zizkion iragarpen guztiak hautsi ditu Olanok ere. Azken asteetako emaitzek ez zioten pentsarazten duela bi urteko marka hobetzeko gai izango zenik, eta hortxe eraman du sorpresa: 1:36etik jaisteaz gain, dortsal gorria eskuratu du datorren urterako, ozta-ozta bada ere. Bi hilabeteko entrenoak, Urkiola personal trainerraren serieak eta Iñigok ezarritako konfiantza ezinbestekoak izan dira berak ere sinesten ez duen emaitza lortu izateko.

Gaur, suzirilari guztien emaitzen gainetik, Rezabalek egin du jarrera erakustaldia. Euskarazko "ahalegina" hitza bere zentzu hertsienean erakutsi du, ahal zuen guztia eginez. Lesioek ez diote errespeturik azaldu, baina oztopo guztien gainetik, lasterketa hasi, 20 kilometro egin eta amaieraraino egin du, kosta ahala kosta. Eta ez edonola, askok sinatuko luketelako gaur Rezabalek herren egin duen marka. Lezioa eman du amaratarrak.

Marka pertsonala birrindu duen beste bat izan dugu Alex. Iruñeko anonimotasunean eginiko lan saioen uzta jaso du, lehen aldiz 1:40ko langa gaindituz. Luxuzko gregarioa zuen gaurkoan, taldearentzat lan egin eta gainera puntuak ematen dituen horietakoa: Lertxundi. Ez zen aurten Lertxundik marka itzelak egiteko urtea, baina haren dohain naturalak Zabaltzaren zerbitzura jarri ditu, eta harro egoteko moduko lasterketa burutu dute biek.

Joan da Behobia, eta erronka berriak ezartzeko unea da: bertan dira Zizurkilgo gau krossa eta Satza Memoriala, San Silvestre izenarekin ere ezagutzen dena. Ordura arte, goza dezagun eginikoaz.

Gizonezkoen Senior Kategoriako emaitzak:

92. Agirre 1:10:37
97. Imanol 1:10:40
98. Aitor 1:10:41
99. Endika 1:10:41
860. Urki 1:20:24
876. Iñigo 1:20:31
3969. Olano 1:32:41
4342. Rezabal 1:33:55
5726. Zabaltza 1:37:59
5729. Lertxundi 1:37:59

Aitor eta Agirreri Teledonostik helmugan eginiko elkarrizketa

2012/11/08

#BEHOBIASS: Haizea etsai?

Aurreko postean Behobia aurreko astean erritu bilakatzen diren eta aintzat hartu behar diren hainbat ohitura ekarri ditugu gogora, eta gaurkoan asteko beste gai izar horietako bati erreparatuko diogu: Eguraldiari. Iaz txikizio ederra eragin zuen marketan eta baten baino gehiagoren osasunean, baina badirudi aurtengoan ez dugula halako gurutzebiderik eta penitentziarik biziko.

Eguraldi kaskarra iragartzen ari dira han-hemenka iganderako; alegia, eguraldi bikaina korrikaldi baterako. Tenperaturak behera egingo du Euskalmeten arabera, eta nekez gaindituko ditu 13 graduak. Euria ere iragarri dute, eta badirudi bezperan botako dituela zaparrada mardulenak. Hortaz, freskatzeko adinako euria izango dugu etzi damu, baina ezta gehiegi ere.

Haizea izan daiteke korrikalarien etsai nagusietako bat, beraz (Mirakruzez eta Gaintxurizketaz gain, noski). Ipar mendebaldetik joko du haizeak, eta lasterketa Behobiatik Donostiarako norabidean dela kontuan izanda, korrikalariek aurrez aurre izango dute haizea, kontra. Markak egiteko ez da haize norabiderik egokiena, baina jar ditzagun gauzak bere neurrian: haizea kontra bai, baina zenbateko indarrarekin?

Tira ba, Windfinder webgunean iragarri dutenez, 10:00etan orduko 11 kilometroko haizea iragarri dute. 10:30etan da hastekoa lasterketa, eta ordu erdi lehenagokoa da egiten duten iragarpenik gertukoena. Hurrengoa 13:00etarako ematen dute, eta orduko 13 kilometrora igotzen dute haizearen abiadura. Ufada gogorrenak ere orduko 13 kilometrokoak dira, Windfinderren arabera.

Hemen helbidea. Zer deritzozue, indar horrekin kalte handia egingo al du haizeak?

http://www.windfinder.com/forecast/donostia-san_sebasti%C3%A1n

2012/11/07

Behobia-Donostiarako oinarrizko gomendio batzuk

Behobiara begira Suziri Taldeak oinarrizko gomendio batzuk luzatzen dizkizue lasterketa egunerako. Pertsona gehienek ezagutuko dituzten arren beti komeni da errepaso txiki bat egitea. Erabilgarri izango zaizuelakoan:

1) Gosaria 2,5-3 ordu lehenago egitea komeni da. Ez egin esperimentu arrarorik, eguneroko gosariaren modukoa edota aurretik lasterketaren batean probatu duzuen zerbait hartu.

2) Etxetik atera aurretik dortsala eta txipa daramatzazula ziurtatu. Behobia normalean etxetik urrun geratzen da eta bertara iristean zerbait falta dela konturatu ezkero ez dago atzera bueltarik. Ahal bada hobe aurreko egunean dena prest eta txukun uztea.

3) Egun euritsua bada zakar boltsaren aukera gomendatzen dugu, norberak bere etxean egina. Honen bidez lasterketa hasi bitartean gorputza lehor mantentzea da helburu. Irtetzerakoan Hulk moduan apurtu eta albo batera jaurti.


4) Euriaz gain hotza bada kamixeta edota jertse zaharrak (armairuan lekua hartu besterik ez duten horiek) eramatea da onena. Irteeran aldamenera bota eta antolakuntza berak jasotzen ditu lasterkari guztiak irtetean.

5) Gosari eta lasterketa artean hidratatzea komeni da, tarteka ur zurrut txikiak edanaz. Hala ere ez da komeni obsesionatzea eta irten baina 45 min lehenago gelditu. Gainontzean irteera unean puxikak eztanda egitear egon daitezke!

6) Irten aurretik saiatu komunera joaten. Garrantzitsua da korrikan hastean barrenak "garbi" izatea. Antolakuntzak gero eta komun gehiago jartzen ditu horretarako hortaz aprobetxatu itzazu jendea pilatzen hasi aurretik.

7) Behin lasterketa hasita saiatu erritmo jarrai bat eramaten eta ez itsutu zoro moduan irteten diren horiei segika. Ibilbidea luzea eta gogorra da eta posible da haserako gainesfortzuak amaiera izorratzea. Norbera berera eta ahalik eta konstanteen.

8) Halako lasterketetan esperientziarik ez baduzu bidean zehar dauden edari-postu gehienetan tragoxka bat egitea komeni da, batez ere beroa nagusi bada. Konturatu ez arren kilometroak pasa ahala ura galduz goaz eta honek deshidratazio kasu batera eraman gaitzake. Aurten gainera 9,5 eta 14 km-tan edari isotonikoak izango dira.

9) Korrikalari batzuek gel energetikoak eramaten ditu bide erdian hartzeko. Aukera ona izan daiteke baina garrantzitsua da lasterketa aurretiko entrenamenduren batean probatua izatea, ziur izan gaitezen gorputzak ez duela aurkako erreakziorik izango.

10) Azkenik errepidean zeharreko giroaz gozatzea da gomendiorik onena. Denbora ona egin edo ez garaipen bat baita halako proba bat amaitzea.

2012/11/06

Euskalerria irratia: 25 urte entxuferik gabe



Live video from your Android device on Ustream



25 urte entxuferik gabe: lizentzia aldarrikatzeko urtebetetze gala

Gorka Urbizu, El Drogas, Ruper Ordorika, Kerobia eta Balerdi-Balerdi entxuferik gabe ariko dira azaroaren 7an, ilunabarreko 20:00etatik aurrera, Atarrabiako Kultur Etxean. Euskalerria Irratiak 25 urte daramatza Iruñerriko dialean entxuferik gabe. Badugu zer ospatu, eta badugu zer aldarrikatu -besteak beste, lizentzia-. Eta horixe eginen dugu Atarrabiako irratsaioan, gure 25. urteurreneko aldarrikapen galan.


Suziri Taldeak zuzenean emango du Euskalerria Irratiaren gala, euskarazko irratiari babesa azaltzeko.
 

2012/11/03

Behobia bertan da

Dagoeneko aste bete eskax falta da urteko kirol proba garrantzitsuenetakoa ospatzeko, Behobia-Donostia lasterketa alegia. Aurtengo edizioan 25.000 korrikalari izango dira, eta horien artean gure suziri ugari izango dira. Momentuz eguraldi iragarpenak ez dira guztiz ados, baina badirudi eguraldi frexkoa izango dugula, 12ºC ingururekin eta euri arriskuarekin. Haizeari dagokionean batzuek hego haizea ematen duten arren besteek iparrekoa aurreikusten dute. Dena den eguraldia ziurtasun handiagoz ezagutzeko itxaron egin beharko dugu.

Aurreko urtean bezalaxe lasterketa ostean parte-hartzaileak zein jarraitzaileak bazkari eder batean bilduko gara.

Hona hemen gure ordezkariak beren marka onenarekin:

Agirre (1:12:16): aurreko urtean bera izan zen hobekien aritu zena. 15 km-koan ez zuen parte hartu eta ez dakigu nola moldatuko den distantzia luzetara, baina Lasarte indartsu ikusi genuen. Dortsal horiarekin aterako da.


Aitor (1:12:23): aurten lesioekin zorte hobea izaten ari da Iturengo mutila eta esperantza dugu berriro ere punta-puntan ikusteko. Agirre moduan helburua 1:10:00tik jeistea litzateke, helburu zaila benetan. Lasarten ez zuen parte hartu baina topera espero dugu datorren igandean.


Endika (1:14:23): ze esan aurten rebelazioaz? Aurreko batean aipatu moduan denboraldi honetan entrenamenduak serio hartu ditu eta aurrealdeko taldetxoan bete-betean sartu da. Lasarten Agirrerekin batera sekulako lasterketa egin zuen. Non ote muga?


Imanol (1:16:17): 15 Km-koan ezin izan zuen ongi amaitu arazo muskularrak zirela eta. Hori dela eta ez zuen arrixkurik hartu nahi izan eta enbidiaz ikuskatu zuen Lasarteko krossa. Triatloi denboraldi beldurgarri batetik dator eta ia deskantsurik hartu gabe dabil. Hala ere faboritoetako bat da denborarik onena egiteko. Ikusi beharko.


Urki (1:22:59): udara zaila pasa zuen lesioak direla eta, baina iraila amaieratik entrenamendu bikainak egiten ari da. Urriko lasterketetan maila handia ematen ari da. Helburua garbia da: 1:20:00tik jeistea. Compressport patrozinio eskaintza prestatzen ari omen zaio.


Unai R. (1:23:59): Unai ere aurreko urteko emaitzak hobetzen ari da azken lasterketetan. Lasterketa laburrak baino luzeak hobe dihoazkiola uste dugu eta Behobian ikusi beharko Urkiren denboretara hurbil daitekeen. Azken astean fascia arazoak ematen ari zaizkio. Espero dezagun datorren igandean %100ean berreskuratua egotea. Gel hotz pixkat hurrengo astean, gel beroa lasterketa aurretik eta egurra. Ez desanimatu!


Lertxundi (1:26:37): inkognita handi dugu Jon aurtengoan. Badakigu minduta ibili dela aspaldian baina badirudi parte hartzeko prest dagoela. Marka bikaina du baina posible da aurtengoan lasai hartzea.

Iñigo (1:28:39): denboraldi honetan Urki personal trainer hartuta serio hartzen ari da entrenamendu sesioak. Argi geratzen ari da gutako batek dabilen "no hay calidad, es todo entrenamiento" kasu honetan. Izan ere kalitate izpirik gabe entrenamenduek hobekuntza handia suposatu diote orain arteko lasterketetan. 20 km-ak luze egingo ote zaizkion da zalantza orain.


Olano (1:36:10): aurten berandu xamar hasi da entrenatzen baina azken astetan asko indartu da. Posible da   hala ere Behobia beretzat goizegi iristea. Bera ziur ez egon arren argi dago dortsal gorriaren bila atera behar duela. Kontu izan dezala gosariarekin!!!


Zabaltza (1:41:18): 15 Km-koan parte hartu zuen arren misterio bat da zein mailatan iritsiko den lasterketara. Bere entrenamenduen nondik-norakoak Top Secret dira hortaz iganderarte itxaron beharko dugu noraino iristeko gai den ikusteko.


Zuetako edozeinek zuzenketa edo aipamen extra bat egin nahi badu anima dadila. Zerbitzari honek zorterik onena opa dizue denoi.


2012/10/28

LASARTEKO HOTZETIK OLATUKO APARRETARA


Zalantzak ugariak ziren gaurko Lasarte Oria Bai! krossaren zitaren inguruan. Ordu aldaketa aurrena, hotz siberiarra hurrena. Gure suziriak eguraldiaren gaineko iritzi kontrajarriekin bertaratu dira Lasartera, baina guztien asmo eta helburuak asebete ditu gaurko lasterketak. Beste behin, suziriek lasterketa leherrarazi dute, maila bikaina emanaz.


Mila korrikalari pasatxok hartu dute parte gaurkoan, eta suzirien bi ordezkari izan dira hogei lehenen artean. Berriro ere. Eta ez dira gehiago izan, gaurkoan aurrealdeko bi protagonista, Aitor eta Imanol, Kasharekin batera, animoak ematen aritu baitira. Lasaitu ederra hartuko zuten zenbaitek aurrealdean, gure bi suziriek parte hartuko ez zutela ikusita, eta zenbat eskertu ditugun animoak korrika ibili garenok.

Gauzak horrela, Agirre izan da helmugaratu den lehen suziria. Hamaseigarren postuan, azken metroetan erakutsitako potentziak argi uzten du Ataungo semea beste pasta batekoa dela. Endika, berriz, ez zaio atzean geratu, eta bi segundo baino ez ditu galdu Agirrerekiko. Maila jauzia eman duela igartzen zaio intxaurrondoarrari.

Azkarren taldean ere zorion eta harrotasun aurpegiak ikusi ahal izan dira helmuga gainditu berritan. Kilometroko lau minutuen langatik aise jaitsi dira gaurkoan Urki, Iñigo eta Unai. Aurreneko biek ia pare-parean amaitu dute saioa, nahiz eta gaurkoan ere Urkiren azken erritmo aldaketak Iñigoren aurretik ailegatzeko balio izan. Rezabal ia minutura ailegatu da, Behobiarako erritmoetan eta egindako lanaz pozik. Aurreko bi "piztien" saioa ahaztu gabe, aipatzekoa gaur hurrengo hiruren lana.

Azkenik, sailkapenaren erdialdean geratu den Olano helmugaratu da. Helburu argirik gabe, duela bi aste Hiru Hondartzetan lortutako emaitza hobetzea beste asmorik ez zuen, eta uste baino hobeto burutu ditu hamar kilometro eta erdiak, 4:30 minutu / kilometroko erritmoan.

Suziriek olatuaren aparretan amaitu dute Behobiarako prestakuntza, lasterketa egutegiari dagokionean. Alea jacta est. Ea bi aste barru gure suziriek olatua tsunami bihurtzen duten, edo bestondo galanta hartzen duten. Gaurkoan bezala, zerura eta Euskalmetera begira egongo dira korrikalariak datozen egunotan.

16. Agirre 35:25
18. Endika 35:27
107. Urkiola 39:58
108. Iñigo 40:00
146. Rezabal 40:54
471. Olano 46:43

2012/10/21

15 km klasikoa

Gaur Suziri Taldeak zita berri bat zuen kirolarekin, eta ordezkaritza zabala bidali du 15 kilometroko "Pedestre" lasterketa klasikora. Suziriek ez dute lagun izan eguraldia, baina, edonola ere, euriak ez du haien metxa amatatu. Behobiarako prestakuntzan giltzarri da gaurko lasterketa, eta horrek ere badu eragina lasterketaren mailan ere.
Gauzak horrela, aurrean ibili ohi diren suziriek ezin izan dituzte gaur zortziko posizio izugarriak berdindu, nahiz eta lan aparta egin duten guztiek. Aurrena Endika helmugaratu da, 36. postuan, egundoko sasoia erakutsiz. Aitor minutu erdi eskasera sartu da helmugan, kalanbreek erabat baldintzatuta. Hala ere, hauspoz ongi iritsi da, eta gerra asko eman dezake hemendik aurrerakoetan.

Atzerago joan dira Imanol, Urki, Iñigo eta Unai. Ipur masaila kargatu eta erritmoa moteldu behar izan du Imanolek. Pena berarentzat, baina haren laguntza ederki eskertuko zuten beste azkarrek. Kilometroa lau minututik beherako batazbestekoan egin dute, eta azken metroetan taldea hautsi du Urkiolak. Segundu gutxira sartu da Iñigo, eta atzerago Imanol. Rezabal hurrena. Partaidetza txalogarria guztiena ere.

Beste liga bat jokatzen zen atzean. Denboraldiko lehen agerraldia zuen gaur Alexek, eta ez da auntzaren gauerdiko eztula 15 kilometrokoarekin hastea. Amaieran, aitortu du bere "diesel" izaera, erritmoa aldatu ezinik. Olanok, bestalde, joan den igandeko sentsazioak konfirmatzea bilatzen zuen, eta, motelago joan bada ere, pozik amaitu du saioa. Alex helmugaratu da segundo batzuk lehenago, baina denbora hobea egin du Olanok.



Orobat, esan beharra dago Suziri taldeak aurpegi ezagunen atxikimendua eta babesa jasotzen jarraitzen duela. Perez Lasa lehen mailako epailea izan zen taldearen lehen saioa ikusi zuen pribilegiatua, eta Baumgartner ohorezko presidente izendatu zuen egun batzuetara taldeak. Gaurkoan, irteera ematekoa zenean, Aintzane Ezenarro Aralarreko kide ohiarekin hizketan aritzeko parada  izan du gure ordezkarietako batek. Ezenarrok aitortu du bere lehen lasterketa zela gaurkoa, eta ziur zirudien 15 kilometroak aise burutuko zituela. Zorte ona opa dio taldeari.

Amaitzeko, Flygroupen lan kaskarra aipatu behar da beste  behin. Kamixetan La Caixaren eta El Diario Vascoren iragarkiak jarri izanari gehitu behar zaio inskripzioaren prezioa eta horren truke jasotako jan-edan eskasa.

Hurrengo zita, Lasarte. Gero eta gutxiago falta da, goazen Suziriak!!!

Hauek izan dira emaitzak:

36. Endika: 52:56
48. Aitor: 53:28
313. Urki: 59:23
331. Iñigo: 59:30
333. Imanol: 59:44
411. Rezabal: 1:00:27
1751. Zabaltza: 1:12:24
1764. Olano: 1:11:33



2012/10/14

XXIII 3 Hondartzetako Krossa

Gaur goizean ospatu da 10 km-ko klasiko hau eta aurrekoan idatzi bezala suziriek lehen aldiz beren elastiko berria estreinatu dute lasterketa ofizial batean. Lehen proba honek zalantza ugari sortarazi ohi ditu guztiongan, lehen test garrantzitsua baita. Sorpresak izan diren arren esan liteke denok maila benetan txukuna eman dugula.



Lasterketarako giroa bikaina izan da, ez hotz, ez bero, euriak euriak eutsi egin diolarik. Zorte ona izan dugu zeren proba amaitu eta gutxira sekulako ekaitza sartu da kostaldetik. Parte-hartzaile kopurua ikusgarria izan da, azkenean 2800etik gora aritu baikara ibilbidean zehar. Hori bai, gure ustez antolakuntzak irteerarekin zer egin pentsatzen hasi beharra dauka. Gure taldekide batek esango lukeen bezala, "sekulako kakaoa" montatzen da karrera abian jartzen denean.

Gaurkoan taldeak 9 suziri bidali ditu probara eta guztiek lan bikaina burutu dute. Batzuk besteak baina gustorago amaitu dute baina azpimarratzekoa lehen 31en artean lau taldekide sartu direla sailkapenean!!! Imanol izan dugu guztietan azkarren. Badirudi mutila triatloietatik guztiz berreskuratua dugula. Adidas ia patrozionio eskaintza prestatzen ari zaio. Bigarren sartu da eguneko sorpresa, Endika. Denok dakigu iturendar honek sekulako potentziala duela. Bere anaia eta Imanolekin entrenatzeak asko espabilarazi du. Aurkariak kikiltzen hasiak dira. Ostera Agirre eta Aitor iritsi dira nor baino nor, lehenak garaitu duelarik esprintean. Aitor aurretik izan da ia lasterketa guztian baina amaieran atzetik etorri eta saria kendu dio ataundarrak. Handik minutu batzuetara "beste azkarrak" iritsi dira. Konkretuki Urki izan da lehena. Iñigorekin aritu da lasterketa guztian zehar baina erakutsi du berriro ere azken metro beldurgarriak dituela. Ondarretako pasealekuko hondar-aleak astindu galanta jaso dute bere pasoan. Metro gutxitara Unai heldu da. Ibilbide guztian bikotea bistan eduki duen arren ez du arriskatu nahi izan. 45 minutu inguruan agertu da Landa. Hankek 4:30eko erritmoari gustua hartu diote eta ez dira gehiagora animatzen momentuz. Serio entrenatzen hasi behar du bere benetako mailara iristeko. Minutu ingurura berriz Olano. Beldur apur bat zuen lasterketarako baina azkenean erritmo on batean aritu da. Bere Adidas Boston berriak izango ote? Behobiararte asko hobetuko du. Taldekidea ez den arren, aipatu Nekane ere lehen aldiz aritu dela 10 km-ko proba batean. Erdialdean zerbait sufritu duen arren lasterketa indartsu amaitu du. Azpian guztion postu eta denborak ikusi ditzakezute:


19. Imanol  34:15
26. Endika 34:50
30. Agirre 35:05
31. Aitor  35:08
169. Urki 39:42
176. Iñigo  39:48
194. Unai  40:05
773. Landa  45:17
972. Olano 46:44

Eskerrak eman Erregerenatarrei ta bereziki bere amari horren argazki ederrak ateratzeagatik. Ta ez ahaztu hau hasi besterik ez dela egin, hurrengo astean 15 Km-ko Klasikan ikusiko gara berriz. AURRERA SUZIRIAK!!!

2012/10/12

Igande honetan 3 Hondartzetako Krossa

Esan liteke proba honekin ofizialki estreinatzen dela Donostialdeko running denboraldia. Dakizuten moduan lasterketa honen ibilbideak 10 km inguru ditu (errealitatean metro batzuk gutxiago izan arren) eta guztiz laua da, beraz aukera bikaina izaten da norberaren sasoi puntua ebaluatzeko. Aurtengo ekitaldian gainera partehartzaile errekor berria dugu, pertsona kopuru mugara iritsi baitira antolatzaileak, 3100 izen-emate lortu dituztelarik. Azpian ikuskatu dezakezute korrikalariok burutuko dugun zirkuitoa.


Adi egon Aquarium-eko eskaileretan behera sortu daitezkeen jende-pilaketa edota estropozuekin!

Bestalde igandekoa egun handia izango da bertan estreinatuko baitugu ofizialki Suziri Taldeko elastiko berria. Bi modelo ezberdin ditugu, mangarik gabekoa eta manga motzekoa, baina biek azpian ikus dezakezuten diseinua jarraitzen dute. Sartu zazue ongi zeuen buruetan zeren suziri berdeak abiada batean pasako dira Donostiako kaleetan zehar.



2012/10/08

II. Igeldoko Suziri Igoera

Aurreko larunbat arratsaldean Igeldoko Igoeraren bigarren edizioa ospatu genuen lagunok. Honako honetan ere bero galanta egiten zuen arren 11 korrikalari aritu ginen maldan gora. Nobedadeak Unai eta Alex izan ziren, Olanok huts egin zigularik lan kontuak direla eta.


Ondarretako inguruetan beroketa lanak egin ostean (batzuk urrutirago ere joan ziren, xD) denak prest ginen 18:40ak aldera goruntz abiatzeko. Betiko moduan Julen jaunak suziri izpiritua jarraituz ziztu bizian atera zen bainan segituan gure "makinek" irentsia izan zen. Hala, lehen 200 metroetarako lasterketak iada norbera zegokion taldean kokatua zuen.



Aldapan izandako bilakaeraren datu zuzenik ez dudan arren korrikalarien helmugaratzea honela joan zen. Lehen postuan aurten ere Aitor sartu zen, berriro ere marka bikaina eginez gainera. Dena den aurkari gogorra izan zuen, Imanol-ek ia amaierararte eutsi baitzion Intxaurrondoko semeari. Eskerrak gaizki zegoela esan zigun lasterketa aurretik, bestela...  Hirugarren postuan zertxobait atzerago Agirre iritsi zen. Diotenez asko findu du aurtengo Behobiara begira baina oraindik punttu bat falta zaio. Akaso jaso berri duen bisita dela eta? Endikak ere ez zuen huts egin eta laugarren heldu zen, aurreko urteko denbora hobetuaz. Urtez urte aurreko basapiztiei hurbiltzen doa. Bostgarren eta seigarren Unai eta Iñigo iritsi ziren, azken honek igoera guztian bizkarroi lanak egin zituelarik, errelebo bakar bat ere eman gabe. Zazpigarren Urki izan genuen, erritmo onean zihoan arren azken aldapak min egin ziola ziurtatu zuen helmugaratzean. Ostera Polek hartu zuen gaina. Igoeretan espezialista den arren momentu hauetan ez dago sasoirik onenean, San Silvestrerako erreserbatzen egongo ote da? Bederatzigarren whatsapp-ean edonor dardarka jartzeko gai den Julen iritsi zen, aurreko urteko denbora berdinduz. Badakigu bere helburua Abenduaren 31ean topera egotea dela, hortaz itxaron egin behar noraino iristeko gai den ikusteko. Hurrena, 3 minutuko atzerapenarekin, bere "artxiarerio" Alex izan zen. Posible da Iruñean burutzen ari den entranamendu luze horiek erresistentzia landu arren potentzia barik utzi dutela gizasemea. Goi-mailako txirrindularitzan moduan ikusi beharko bi handiak (Behobia eta San Silvestrea) topera prestatzea posible den ala ez... Eta amaitzeko aipatu Aldasororen estreinua. Sagas-ekin eginiko apustuak barruan duen lasterkaria azaleratu du eta azken hilabetean serio entrenatzen dabil. Herriak San Silvestre aurretik lasterketa batean parte hartzera bultzatu nahi du.

Azpian lasterketako denbora probisionalak jartzen ditut. Dena den gustatuko litzaidake norberak bai komentarioetan edo bai post-ean bertan karreran zehar izan zituen sentsazio edo istoriotxoez zerbait idaztea, blogari bixigarri pixka bat emateko asmoz.

1. Aitor 27:15
2. Imanol  27:17
3. Agirre  28:42
4. Endika 29:15
5. Unai R. 31:07
6. Iñigo  31:10
7. Urki  32:20
8. Pol  34:34
9. Julen L. 35:43
10. Alex  38:53
11. Unai A. 41:10

Eta noski, eskerrak eman Zepe, Lertxundi eta Uxueri erreportari lanagatik eta emandako animo guztiengatik. Hurrengo urtera arte!!!

2012/10/06

Abiadura probak Miniestadioan

Gaurkoan denok zain ginen Unai eta Sagasen arteko 400 metroko lehia ikusteko. Azken orduan ordea Groseko gure mutilak kale egin du eta bertan behera geratu da eguneko estelarra. Dena den bertan agertu garen gainontzekoek bete dugu esana eta 100 metro zein 400 metrotan aritu gara nor baino nor. Aipatu bi probetan lehena Agirre izan dela, nahiz eta potentziaz uste bainan baxuago ikusi dugun. Zergatik ote????


Elkartzearen beste arrazoietako bat Suziri Taldearen kamixeta ofizialen banaketa burutzea zen. Elastikoak politak dira benetan nahiz eta neurri kontuetan batzuei besteei bainan hobeto geratu zaien. Argi dago luzitzeko gutxi jan eta asko korritu beharko dela!



Gaur arratsaldean Igeldoko Igoera ospatuko da hortaz ongi deskantsatu eta indartsu etorri!



2012/09/30

Igeldoko Suziri Igoera hementxe da!!!

Donostia zein Gipuzkoako gainontzeko herrietan nabaria da dagoeneko lasterketa denboraldia hastear dela. Honegatik Suziri Taldeak ibilerari hasera eman nahi dio bigarren urtez lagunarteko Igeldoko Igoera ospatuaz. Gehienok dakizuenez atzerakako kontua martxan dugu blogean aspalditik eta epe-muga larunbat honetan amaitzen da. Konkretuki larunbat arratsaldean abiatuko da lasterketa 17:30 inguruan Ondarretako Satrustegi  paseabidetik. 6,5 km-ko ibilbidea (ikus jarraian) etenik gabeko igoera da, korrikalarien hankak gogotik astinduko dituelarik. Zorte apur batekin gainera Suziri Taldearen ekipazio berria aurkezteko erabiliko da ekitaldia.


Ver Igeldoko Suziri Igoera en un mapa más grande
Ibilbideaz gain jarraian aurreko urteko edizioko bideoa ikusi dezakezute hemen:

Aurreko edizioko sailkapena berriz:

1. Aitor    26:52
2. Imanol  28:10
3. Agirre  29:15
4. Endika  30:09
5. Pol  31:27
6. Unai R.  31:40
7. Urki  31:41
8. Iñigo 33:56
9. Julen L. 35:40
10. Olano  37:24

Igeldoko Igoera ordea ez da hurrengo asteburuko zita bakarra, ez horixe! Izan ere ostiral arratsaldean Anoetako Miniestadioan abiadura probak izango dira protagonista. Lehenik eta behin Sagas eta Unairen arteko 400 metroko apustua izango da jokoan. Biak atletismoko pista gorrian lehiatuko dira abiadura zein erresistentzia uztartzen diren kategoria honetan. Artekariak noraezean dabiltza faboritorik topa ezinda eta RETA-k ere dagoeneko bere makinetatik at utzi behar izan du lasterketa. Ikusiko dugu zer maila ematen diguten.

Arratsalde berean Suziri Taldeko lagunak 100 metroko distantzian borrokatuko dira. Kasu honetan ere zalantza ugari daude airean denok baitakigu horren tarte txikian erresistentzia baino potentzia dela beharrezko.

Edonork irabazten duela ziur nago asteburu gogoangarri batetaz gozatuko dugula. AURRERA SUZIRI!!!

2012/09/08

Txirrindularitzaz gozatzen

Gaur goizean buelta bikaina egin dugu Julen eta nik, atera den eguraldi paregabeaz gozatuz. Momentu batez serieak eta entreno gogorrak alde batera utzi eta Goizuetaruntz abiatu gara txirrindak hartuta. Bidean txirrindulari ugari eta nola ez Ugaldetxotik pasatzean barbakoa usain gozoa. Bueltakoan Epele poligonora iritsi aurretik dagoen aldapatzar batetik sartu nau zoro honek. Kilometro eta gutxiko igoera izan da baina atera ditugun kalkuluen arabera %15 inguruko batazbestekoa izango zuen maldak. Gogotik bota dugu izerdia bertan!

Jarraian argazkitxo pare bat eta itzuliaren ibilbidea uzten dizuet, Gipuzkoako "Cuitu Negru" berria ezagutu dezazuen. Endomondo ez da oso fin ibili baina beno, ideia bat izateko balio du.

Donostia-Goizueta-Donostia (Cuitu Negru included)

2012/09/02

Zumaiako Triatloia



Atzokoan Suziri Taldeak kirol zita berri bat izan zuen, honako honetan Zumaiako herri ederrean. Arrats giro ederrean lehen txanda federatu gabe gaudenontzat izan zen, Supersprint delako modalitatean (350m igerian, 10 km bizikletan eta 2,5km korrikan). Hasera batean Eneko eta ni parte hartzekoak ginen arren, lehenak kale egin zuen bere lepoko arazoak direla eta, bere dortsala Unaiek hartu zuelarik. Ibaiaren korronte biziak erabat aldrebestu zuen irteera, lasterkarien artean diferentzi handiak izan zirelarik haseran. Honela, Unai adibidez ni baina dezente atzerago atera zen igerian. Ahal zen moduan uretatik atera ostean bizikleta hartu eta Oikina ingurura abiatu ginen, haizeak tarteka gogor jotzen zuelarik. 6. kilometro inguruan Unaiek atzetik harrapatu eta aurreruntz abiatu ginen batera. Box-etara iritsi eta trantsizio makala egin ostean (neu kasko eta guzti abiatu nintzen korrikan eta buelta eman behar izan nuen bizikletan uztera) korrikan hasi ginen. Unai zein ni motel hasi ginen baina amaieran erritmo txukunean amaitu genuen. Azkenean 15 eta 25. postuan helmugaratu ginen. Nik pertsonalki esan beharra dut izorratu xamar iritsi nintzela, baina gustora egindako lanarekin.

Teloneroek giroa berotu ostean federatuen ordua iritsi zen, kasu honetan Sprint modalitatean (750m igeri, 20 km bizikletan eta 5km korrika), eta hortxe izan zen Imanol, azken orduan dortsala eskuraturik. Gasteizko triatloi ostetik lehiatu gabe zen eta zalantzak zeuden bere sasoi puntuaz. Zalantzak ordea segituan desagertu ziren, uretatik 6. postuan atera baitzen. Txirrindan egurrean abiatu zen Aizarnazabal bidean eta boxetara bueltatzerako 2. postuan jarria zen. Lasterka ere ederki hasi zen baina amaieran aipatu zigunez hanketan "txispa" falta sentitu zuen. Helmuga lerroa azkenean 5. lekuan zeharkatu zuen, taldeka lehen postua eskuratzen zuen bitartean. Eskerrak oraindik ez dagoen fin!!! Llanostarrak beldurtuta ditu dagoeneko.

Jarraian bi probetako sailkapenak ikus ditzakezute.

Sprint Sailkapena (Gizonezkoak)
Supersprint Sailkapena (Gizonezkoak)

2012/08/26

UNTZAENE KRITERIUMA

Bi estilo lehiatu ziren herenegun Anoetako Antonio Elorza belodromoan. Bi filosofia, nor baino nor gehiago. Bartzelonako kubata eta pantumaka artean igaro zuen Landak dueloaren aurreko egunak; Urkiolak, berriz, stage gogorra egin zuen Errioxako mendateetan, Espainiako Vueltaren testuinguruan. Prestakuntza kontrajarriak inondik inora, eta horrek erabat baldintzatu zituen apustuak. Urkiolaren alde zegoen dirua; pronostikoak birrindu zituen, ordea, Landak. Espektakulu ederraz gozatu ahal izan zuten zaleek, lehia ederraz gain, emozioz beterikoa izan zelako. Hitz bitan, gintonik dobleak hematokritoa garaitu zuen.

Urkiola izan zen pistaratzen lehena. Beroketa luzea egin zuen, eta tentsio puntu batekin ekin zion saioari. Erritmoari egoki eutsita, itzuliak pilatzen hasi zen bata bestearen atzetik. Kontzentratuta uneoro, aukitik gehiegi altxatu beharrik gabe aritu zen, eroso. Baina motel igarotzen ziren minutuak, eta nekea gero eta nabarmenagoa zen. Azken biretan egurra eman nahian, akituta osatu zuen ordua Urkiolak, baina marka bikaina eginda: 121 itzuli.


Arerioaren erreferentziarik gabe sartu zen belodromora Landa, eta gutxi behar izan zuen berotzeko. Pare bat buelta, eta lanera. Hasiera-hasieratik, erdarazko esamolde bat bere egin zuen: "El que tuvo retuvo". Landa ikusi bezain azkar, haren gaitasunaz oharatarazi zion lehia ikusi zuen Miguel Madariaga inprobisatuak Urkiolari: "Honek kadetetan ederki ematen zion". Eta ez soilik kadeteetan, ostiralean erakutsi zuenez. Konfiantza erakutsi zuen Landak, eta horren erakusle ziren helmugako marra gainditzen zuen bakoitzean esandako hitzek, eginiko keinuek. Diferentziak, ordea, antzemanezinak ziren ia-ia. Erritmo biziarekin hasi, eta amaierara arte eutsi zion horrela. 122 itzuli, Urkiolaren marka buelta erdi batean gaindituz.



Untzaeneko Kriteriumak irudi ederrak utzi dizkigu Suzirien blog berria estreinatzeko. Hemendik aurrera ere izango dugu zertaz gozatu, kirol egutegia exigentea baitator; datorren astean, Zumaiako triatloia, eta laster, eskalatzaileen proba kuttuna: Igeldoko igoera. 

Egin apustu, Suzirizaleok!