2012/12/31

Suziri festa San Silvestren

Tropel oparoa aurkeztu du gaur Suziri Taldeak urteko azken lasterketara, Donostiako Satza memorial edo San Silvestrera. Lasterketa "herrikoia" izanik, urtea behar bezala amaitzeko hitzordu saihestezina da urtezahar egunekoa, eta bertan izan da Suziri Taldea. 

Gaurkoan, bazirudien antolatzaileen neurri eztabaidagarriek -hots, kamiseta ofiziala erabiltzeko derrigortasunak- Suziri Taldearen presentzia ezkutatuko zutela; alferrik. Babak eltzetik atera ditu Aldasorok, eta mozorro onenaren saria ezbairik gabe merezi zuen suziria eraman du soinean. Bejondeiola!



Kirol arloan, gureek ikuskizuna eman dute aurrealdean beste behin. Egurra eman eta TOP10ean helmugaratu da Imanol, sarietatik bi postu eskasera. Urtea sasoiko amaitu duela erakutsi du. Tartea atera die Agirreri eta Endikari, eta haiek ere badute pozik eta harro egoteko motiborik; sailkapenera begiratzea besterik ez dago.

Hurrengo tropeltxoan, badirudi Urkiren nagusitasuna handitzen ari dela. Dena ematen ari da Bartzelonako maratoia begiz jota duela, eta bidean dituen lasterketa guztietan uzten du entrenamendu saio gogorren emaitza. Ezin lo hartu, ordea, atzetik gogor baitatorkio Iñigo: gaurkoan ere 3:48ko erritmoan egin du korrika, atzerrian entrenatzearen oztopo guztiei izkin eginez. Aspaldiko partez, gaurkoan Pol ere aritu da, eta agerian utzi du mutil honen genetikak askorako ematen duela.




Aparteko parrafo bat merezi du Landaren lasterketak. Isil-isilik, gaur jaso du egindako lan eskergaren uzta oparoa. Kilometroa lau minututik behera egiten dutenen klubean sartu da gaur. Urratsa baino, jauzi erraldoia egin du gure Julenek.

Atzerago ailegatu dira Azurmendietan txikiena, Olano, Zabaltza eta Ander. Anaiak bezala, dohainak ditu Aitorrek, eta nahi gabe ere marka itzelak egiten ditu; hala egin du gaur ere. Olanok hamar egun eman ditu sedentarismo kezkagarri batean iltzatuta, eta zalantzak zituen bere formaz; ongi eutsi dio, eta egonkortzen ari zaigu 4:15ko erritmoaren bueltan. Zabaltzak eta Anderrek ere erritmo txukuna defendatu dute lasterketa osoan zehar, eta aipatu beharra dago lehenak urtebetean egin duen hobekuntza nahiz bigarrenak korrika egiteko ohiturarik gabe ere egin duen marka.

Parrafo berezi bat merezi duen bestea da Aldasoro. Arestian esan bezala, Suziri Taldea kamera, korrikalari eta ikusleen begibistan jarri du; kamiseten homogeneizazio garaian, originaltasuna eta izaera herrikoia eman dio lasterketari. Hori gutxi ez eta 8,5 kilometro osatu ditu kartoi eta bero artean. Besterik gabe, ezin hobea.



Eta tradizioari eutsiz, gure Lertxundik aitarekin korrika eginez amaitu du urtea. Gaur ordea, ez dira bi izan, hiru baizik: Usue festara batu da, eta handiagotu egin du Suziri Taldearen sekzio femeninoa.

Ez dira errepidean egon, baina urtea amaitzen dugun honetan ezin ahaztu gure bi suziri kuttun: Aitorrek eta Rezabalek ezin izan dute korrika egin lesioak tarteko, baina ziur laster itzuliko direla lehiatzera;  dagozkien postuetara gainera. 

Urte berri on guztioi!!



7. Imanol 28:06
13. Agirre 28:42
17. Endika 28:50
64. Urkiola 31:27
87. Iñigo 31:59
150. Pol 33:38
169. Landa 33:36
276. Aitor 35:04
374. Olano 35:49
617. Zabaltza 38:48
663. Ander 39:21
2628. Aldasoro 50:59
2867. Lertxunditarrak 55:21
2869. Usue 55:44

2012/12/23

Antxoko Gabonetako Krossa

Gaur goizez Pasai Antxon ospatu den Gabonetako Krossa-n izan dira gure lasterkariak. Jendea kilometro gosez da eta ez da gai izan San Silvestre arteko aste biak lehiatu gabe eusteko. Bost kilometrora iristen ez zen ibilbidean aritu dira Urki, Iñigo eta baita Nekane ere. Eguraldiari erreparatuz gezurra zirudien gaurkoan negua zenik, 20ºC-tik gorako tenperatura eta hego haizea izan baitute lagun. Lasterketan 3 bira eman behar izan dizkiote Antxoko kaleetan barnean antolatutako zirkuitoari, aparteko aldaparik gabekoa eta jende giro ederrean.


Suzirien artean Urki izan da azkarrena. Helburu nagusitzat martxoan ospatuko den Bartzelonako Maratoia du, baina bitartean Gipuzkoako herri lasterketa guztiak astintzeko asmoa du. Behin zapatila mixtoak jarrita ez da gai 3:50tik jeisteko eta ikusi beharko San Silvestrean zelako marka eskeintzen dien bere jarraitzaile sutsuei. Lehen kilometroa, aurrealdeko oilar guztiekin borrokatu beharrean ziztu batean egin du 3:22ko erritmoan. Halere segituan erritmoa jeitsi behar izan du bide erdian leherturik gera ez zedin. Hala, tarteko kilometroetan pixka bat baxutu ostean 3:38 min/km-ko batazbestekoaz amaitu du, azken kilometro indartsu batekin. Eneko Garin eta konpainia iada kikiltzen hasiak dira hurrengo denboraldiari begira. Ramadan luze bat, boladora batzuk eta laser depilazio batek zerura eraman dezakete gure amarako mutila.

"Zertxobait" atzerago helmugaratu dira Nekane eta Iñigo, gure Julenek horren gustoko duen Heidi style-ari ohore eginez armonia bikainean iritsiz. Beldurra zen bikotean errieta batean amaituko ez ote zuten baina azkenean gabon giroari ohore eginez zintzo eta kontzentraturik joan dira. Lasterketa orekatua egin dute gainera, 5:10 min/km-ko erritmoa ia uneoro mantenduz eta ibilbidean zehar arlekin, txarangalari eta pailazoekin lehiatuz. Arantza bakarra Giroki-ko tabernari "indartsua"-ren atzetik amaitzea izan da. Dena den anti-dopping kontrolen ostean ikusiko da atzo honek jandako tortilla-txaka guztiz garbia zen ala ez. Suspicious...
Lasterketa amaieran txorizo mokadu eta salda bero-beroa jaso dute korrikalari guztiek. Sari bikaina goizeko lanak amaiturik zituzten guztientzat. Iñigo eta Urkik ordea Amararaino korrikan bueltatzea erabakia zutenez sabel-hutsik bueltatu dira etxera, Unairen gidaritzapean. 
Azkenik betiko moduan eskertu animatzera etorri diren taldekide eta supporter guztiei : Olano, Itsaso, Unai R., Ane eta Ander alkategaia. Horrela bai!!!

Argazkiak eta bideoak ikusi edo jeitsi nahi badituzute sakatu link-a.

2012/12/16

ZIZURKIL GAU KROSSA - BOUCLE DE LA TOURLANDRY

Kirol asteburu oparoa izan dugu atzo eta gaur, eta bi lasterketatan izan da Suziri Taldea. San Silvestreak jomugan, gure suziriek ez dute hilaren 31ko zita prestatzeko lagungarriak izan daitezkeen lasterketak igarotzen utzi. Zizurkilgo Gau Krossaren 16. edizioan izan zen suziri gehien; han izan ziren Urkiola, Olano eta Zabaltza, Unai, Zepe, Eguzki eta Endikaren animoak jasotzen.

Egutegiko lasterketarik ederrenetarikoa dela argi utzi zuen beste behin Zizurkilgo lasterketak. Giro polita, herritar asko begira, lasterketaren prezio herrikoia eta opari orijinal bezain probetxuzkoa (txalekoa). Eta, ezin ahaztu, amaierako txokolate eta pasta festa. Antolatzaileak zoriontzeko moduko jaialdia.

Ez zuten iazko eguraldi traketsik izan korrikalariek, eta ateri eta hamar gradu inguruko tenperaturarekin egin behar izan zuten korrika. Urki suziri baten moduan abiatu zen, eta azkar jarri zen aurreneko postuetan. Gogor hasi eta erritmo biziari eutsi zion, amaierako emaitzak erakusten duen bezala; 27. postua, zazpi kilometroak 3:46 minutu kilometroko abiaduran eginda.

Suzirien artean bigarren eta orotara 67. helmugaratu zen Olano. Egurra emanaz hasi zuen proba, baina erruz sufritu zuen erritmo txukuna mantentzeko. Kilometroa 4:13 minutuan egin zuen batez beste. Zabaltza ere berotuta irten zen lehen kilometroetan, eta ibilbidean bakarrik sufritzea egokitu bazitzaion ere, erakutsi zuen bere diesel izaera mito bat dela, eta gero eta gertuago dagoela gasolina izatetik. 99. postuan iritsi zen, 4:21eko erritmoan. Podiumean Urkiren albo banatan egon ziren biek pozarren amaitu zuten lasterketa, iaz zita berean 4:35eko abiadura eraman zutelako batez beste.

Honakoak izan ziren emaitzak:

27. Urki. 26:13
67. Olano. 29:04
99. Zabaltza. 30:30

Suzirien garrak, Frantzian ere ikusgai


Igande goizean, Frantzia barnealdean izan dute Suziri Taldearen ikuskizunaz gozatzeko parada. Boucle de la Tourlandry-n hartu du parte Iñigok, Loira eskualde ederreko herri txiki batean, La Tourlandry-n alegia. Benetan xarmaz beteriko ibilbidea da, herrian zehar zein inguruko laku eta belardiak zeharkatzen dituena. Lehen kilometroetan gartxuki abiatu da Iñigo baina gogotik ordaindu du amaieran bere gain-esfortzua. Izan ere 5. kilometroan aldapa labur baina gogor batek jota utzi du mutila. Azkenean emaitzarekin konforme azaldu ez bada ere, ezin esan haren denbora txalotzekoa ez denik: hamar kilometro pasatxo 40:58an egin ditu, 4:03ko erritmoan, milatik gora parte hartzaileetatik 145. postuan helmugaratuz. Jarraian herrian ateratako argazki bakarra (beldur pixkat ere ematen du) eta ibilbidea ikusi ditzakezute. Gure korrikalariak ez du askoz gehiagorako astirik izan: iritsi, korri egin eta ospa.




Bi aste baino ez dira geratzen urteko zita garrantzitsuenetako baterako; hemen da Satza memoriala, eta taberna baten epeletan (edo beroaldian) botatako apustuak oroitzeko unea.