2013/01/29

Suziri Taldea: The Movie



2012ko denboraldia amaituta eta 2013koa hasi gabe, entrenamendu aroa bizi du Suziri Taldeak. Lehiaketarik ezean, taldearen blogak ere ez du beste aste batzuetako jariorik. Hortaz, bideo bat osatu dugu, oraindik Suziri Taldea ezagutzen ez duzutenek gure berri izan dezazuen, eta ezagutzen gaituzuenok taldeak emandako espektakuluaz goza dezazuen.

Laster hasiko da 2013ko lasterketa egutegia, eta bertan izango da Suziri Taldea dena emateko prest. Hortaz, adi elastiko gris-berdedunei!

2013/01/06

ERREGE KROSSA

Urteko lehen lasterketa izan du gaurkoan Suziri Taldeak: 83. Errege Krossa. Goi mailako proba da Grosekoa; orain gutxi arte, soilik federatuek zuten parte hartzeko aukera, eta gaur ere lasterketan ibili diren etiopiar, keniar eta enparauek kalitate puntu izugarria eman diote lasterketari.

330 lasterkari eskasek hartu dute parte. Gureei dagokienez, Urkik, Iñigok eta Olanok hartu dute parte proba gogorrean. Izan ere, ordeka nagusi dela dirudien arren, aldapek ederki egurtu dituzte gure suzirien hankak. Ez da sorpresarik izan helmugaratzeko ordenean, eta Urki nagusitu zaigu. Lehen kilometroa 3:37 minutuko erritmoan egin du, baina taldetxoak ihes egin dio bigarren itzulian, eta noraezean ibili da azken kilometroetan. Akituta iritsi da helmugara, baina 3:50tik beherako batez bestekoarekin.

Iñigo atzerago sartu da. Afrikarrek beldurtuta-edo, lasterketa Urkik baino atzerago hastea erabaki du. Edonola ere, ez da kikildu, eta bere ohiko korrikari kidearengandik 16 segundura helmugaratu da. Olano, berriz, bere ligan aritu da; aldapen eraginez erritmoa gehiegi bizitu ezinik, baina erregulartasunez eutsiz. Hirurak helmugaratu dira sailkapeneko lehen erdian, eta aurreneko biak lehen ehunen artean. Emaitza bikaina, probaren mailari erreparatuta.

Hasi du 2013ko konpetizioa Suziri Taldeak, eta kilometro asko ditu aurretik. Hala korrika, nola bizikletaz. Ea, helmugaz gain, bidearekin ere gozatzen dugun!

94. Urki 38:46
98. Iñigo 39:02
153. Olano 43:30