2013/11/18

San Silvestrean ere denok Imanolekin

Behobiarekin gustora ez eta iada San Silvestrean pentsatzen gabiltz suziriak. Urte-zaharrean ospatzen den lasterketa beti izan da berezi guretzat eta aurtengoan are bereziago izango da, Imanol faltan izango baitugu bertan. Hau dela eta gurekin batera korrika egitera gonbidatu nahi dugu mundu guztia, gure laguna "erreskatatu" eta gurekin bueltan ekartzeko.

Ideia honakoa da, Imanol aurkitzen deneko El Dueso espetxerako joan-etorrian dauden kilometroak guztion artean egitea. Donostiatik bertara iritsi eta bera bueltan ekartzeko 358km egin beharko lirateke, eta lasterketak 8,5km dituenez, 42 pertsona beharko ditugu Suziriko kamixetarekin abenduaren 31ean. Laburbilduz, helburua Donostiako San Silvestre lasterketan 42 pertsona Imanolen aldeko elastikarekin ateratzea da, horren egun berezian gure artera "ekar dezagun".

Hau guztia ongi antolatzeko parte hartzeko prest zaudetenon zerrenda prestatu nahi dugu (izen-ematea azpian), hala denekin harremanetan jarri ahal izateko. Izan ere, askok iada kamixeta baduzuen arren, posible da beste batzuek ez edukitzea bainan lasterka egiteko gogoa izatea. Kasu honetan zeuekin kontaktatuko genuke egun horretarako kamixeta bat utzi ahal izateko. 

Bestalde, esan antolakuntzarekin hitzegin dugula iada eta ez dela arazorik izango Suziriko kamixetarekin korrika egiteko, nahiz eta normalean lasterketakoa eramatera behartuak egon. Beraz aitzakiarik ez. Azpian duzue izen-ematea egiteko formularioa.

2013/11/12

Gabonetarako kamixeta eskaria abian

Behobia-Donostia amaitu berri den honetan gure lagun guztiengana zuzendu behar gara. Izan ere azken asteotan pertsona ugari izan dira elastika berria lasterketetan ikusi eta hau lortzeko gogoa azaldu digutenak. Dakizutenez iraila amaieran Suziriko elastikaren bertsio berria sortu genuen Imanoli babesa emateko asmoarekin, ehundik gora ale eskatu genituelarik. Tamalez jende asko gabe geratu zen ez zutelako eskariaren berri izan.

Hori dela eta jakinarazi nahi dugu eskari berri bat egiteko asmoa dugula datozen asteotan, Gehienok dakizuten moduan bi modelo ditugu, mangaduna eta tiraduna, emakumezko zein gizonezko bertsioan. Tailei dagokienean onena gutako edonorekin harremanetan jartzea duzue, nahi izanez gero kamixetak probatu ahal izateko. Prezioari dagokionean eskariaren araberakoa izango da, baina ziurrenik gutxi-gora-behera 23€ tiraduna eta 30€ mangaduna izango dira. Azpimarratu kamixetak ez direla negozio egiteko, Ziraunak-ek egiten digun prezio berean uzten ditugularik.



Gure asmoa kamixetak gabonetarako prest egotea da (San Silvestrerako ideia polit bat dugu buruan). Hortaz mesedez kontakta gaitzazue lehen bait lehen, hurrengo astelehenean egin behar baitugu eskaria. Ordainketa egiteko kontu korronte zenbakia pasako zaio bakoitzari transferentzia egin dezan. Hau eskaria burutu aurretik egitea beharrezko izango da, gainontzean ezingo baitugu hau aurrera eraman. 

Edozein galdera baduzue ez tematu gugana zuzentzen. 

Aupa Imanol eta aupa Suziri!

2013/11/11

2013 Behobia-Donostia

Beste urte betez iritsi zaigu lasterketa herrikoien erregiña gurera, eta nola ez guk ezin huts egin. Haize bolada gogorren artean ia 24.000 izan dira Behobia eta Donostia arteko ibilbidea kolorez zipriztindu duten lasterkariak. Eguraldiak baldintzatuta zail izan da denbora markak apurtzea, baina ez da euri ez ekaitzik proba honen izpiritua ahulduko duenik. Halere ezin ahaztu atzo eguerdian jakin genuen berria, 29 urteko neska nafarraren heriotzak lasterketaren ondorena gazitu baitzuen guztiz. Honegatik, guk geuk ere gure blog xume honetatik doluminak eskeini nahiko genioke Arantzaren sendiari.

Geure taldekideei begiratzen hasita aipatu behar nola ez Imanol-en falta somatu genuela, hau izan baita bera gabe taldeak bizi izan duen lehen Behobia. Hau ordea ez da guztiz egia, modu batean edo bestean Imanol-ek ere bere marka utzi baitu aurtengo edizioan ere Oihanari esker (bilatu bere izena sailkapenean eta ikusiko duzue).

Gainontzeko partaideei dagokienean goraipatu Endikaren lasterketa ikaragarria. Aurtengo denboraldian beldurgarri dabil mutila eta iada Adidas, Asics ta konpainiaren eskaintza esperoan da. Halako proba batean 57. amaitzea ez da nolanahikoa. Zertxobait atzerago iritsi zitzaigun Urki. 1h20-tik jeisteko esperantza zuen eta hartarako bikain prestatuta egon arren haizeak helburutik 15 segundura utzi zuen. Lastima da zeren sekula baina hobe aurkitzen zen. Atzoko sorpresa atsegina Unairen buelta indartsua izan zen. Lesioak gora eta behera ibili da azken asteetan, baina atzokoan bere irudirik onena eskeini zuen, 1h25-eko denborarekin. Ea hankek errespetatzen jarraitzen dioten. Aurrealdean ibili zen baita ere Oihana. Ez daramatza aste errazak lesioak direla eta baina atzo txapeldunen moduan amaitu zuen proba, Imanoli omenaldi ederra eginez. Atzoko beste protagonistetako bat Aitor zen, bere lehen Behobiaren aurrean aurkitzen zena. Dortsal zuriarekin atzetik aterata emaitza bikaina eskuratu zuen, bere 1h30eko helburua erraz eskuratuz, nahiz eta hanketatik galant sufritu behar izan zuen. Lasterketa polita egin zuen beste bat Olano izan. Urriko hilabete konplikatua izan ostean bikaina izan da bere errekuperaketa eta errendimendua. Ea jarraipena ematen dion eta San Silvestrean aurrealdean ikusten dugun. Atzeraxeago helmugaratu zen suziriko tridentea, Landa, Lertxundi eta Zabaltzak osatua. Hirurak engranai suitzarren moduan lan egin omen zuten elkarrekin, nahiz eta baten batek bere gain hartu duen taldearen lidertza. Urte amaierako lasterketan borrokan ikusiko ote ditugu? Ta amaieran baina egindakoarekin oso gustura Nekane eta Iñigo iritsi ziren. Nekanerentzat bere lehen partaidetza zen eta denbora helbururik gabe abiatu ziren Behobiatik. Mirakruzen gogotik sufritu arren lasterketa progresio bikainean burutu zuten eta iada hurrengo urteko helburuan pentsatzen dabiltza.

57       Endika  1:10:28
885     Urki  1:20:15
2073   Unai  1:25:01 
2805   Aitor  1:26:57
3694   Oihana 1:28:50
3705   Imanol  1:28:51
6744   Olano  1:34:23
12107 Landa  1:42:37
12108 Lertxundi 1:42:37
12110 Zabalza  1:42:37
19023 Nekane  1:56:10
19021 Iñigo 1:56:10

Nola ez, ezin ahaztu errepide bazterrean animatzen izan dugun jende guztiari. Benetan pozgarria da gero jende gehiago "Aupa Suziri" oihuaz animatzen entzutea. Guk geure partetik ahal dugun guztia ematen jarraituko dugu.

Azkenik eguna ospatzeko antolatu genuen bazkariaren argazki bat uzten dizuegu. Ah, eta izan adi gure sare sozialetara zeren datozen egunotan berri asko izango dira gurean. Agur bat denori.