2012/11/12

#BehobiaSS: EPIC RACE

Bikaina. Jatorria Euskal Herriaren iparraldean duen hitza da "bikain", eta jatorri duen lurraldearen mugatik gertu abiatu da gaur suziri taldea, beste 24.990 lagun ingururekin batera, herri lasterketen zita nagusian. Bikaina izan baita suzirilari guztien parte hartzea, bikaina emaitza, eta, batez ere, bikaina guztien jarrera. Bikain errepidean aritu diren suzirizaleak, eta bikain, beste behin, bide bazterrean eta euriari aurre eginez lasterkariak hauspotzen aritu diren suzirizaleak. Ez dute haiek ere meritu makala.

Bikaina baino, esan liteke aurrealdeko suzirizaleek lortutako emaitzak ohorezko matrikula merezi izan duela. Izan ere, ez dira talde asko izango, baten bat baldin badago, bere kideetako lau euren kategoriako aurreneko 100 sailkatuen artean helmugaratzea lortzen dutenak. TOP 100, 25.000 korrikalaritik, alajaina, donostiarren artean TOP10ean sartu zirelarik. Edozein egunkariko portada izan liteke suziri taldearen txanpions-ean jokatzen dutenek Bulebarrera iristean utzi duten irudia; eskutik helduta, helmugaren marra elkarrekin gurutzatzen. Laura Chamorro Teledonostiko kazetariaren arreta ere piztu dute, helmugan eginiko elkarrizketan ikus daitekeenez. Pena Agirre segundu gutxi batzuk aurretik sartu izana, baina gaur inork ez zuen taldeko laugarren gelditzerik merezi. Lan izugarria, mutilak!

Gure mutilak Mirakruz-eko gainan

Laurek hobetu dute Behobian zuten marka, eta halaxe egin dute hurrengo biek ere. 1:20ko mugatik behera jaitsi nahi zuten Iñigok eta Urkiolak, eta gertu izan dute helburua. Edonola ere, ez dirudi biek ala biek goia jo dutenik. Bere errekorrari bi minutu luze kendu dizkio Urkik, eta zortzi, bata bestearen atzetik, Iñigok. Lortu duen sasoia beldurgarria da, eta, esan bezala, auskalo non duten muga bi hauek.

Gaurko bere buruari jarriak zizkion iragarpen guztiak hautsi ditu Olanok ere. Azken asteetako emaitzek ez zioten pentsarazten duela bi urteko marka hobetzeko gai izango zenik, eta hortxe eraman du sorpresa: 1:36etik jaisteaz gain, dortsal gorria eskuratu du datorren urterako, ozta-ozta bada ere. Bi hilabeteko entrenoak, Urkiola personal trainerraren serieak eta Iñigok ezarritako konfiantza ezinbestekoak izan dira berak ere sinesten ez duen emaitza lortu izateko.

Gaur, suzirilari guztien emaitzen gainetik, Rezabalek egin du jarrera erakustaldia. Euskarazko "ahalegina" hitza bere zentzu hertsienean erakutsi du, ahal zuen guztia eginez. Lesioek ez diote errespeturik azaldu, baina oztopo guztien gainetik, lasterketa hasi, 20 kilometro egin eta amaieraraino egin du, kosta ahala kosta. Eta ez edonola, askok sinatuko luketelako gaur Rezabalek herren egin duen marka. Lezioa eman du amaratarrak.

Marka pertsonala birrindu duen beste bat izan dugu Alex. Iruñeko anonimotasunean eginiko lan saioen uzta jaso du, lehen aldiz 1:40ko langa gaindituz. Luxuzko gregarioa zuen gaurkoan, taldearentzat lan egin eta gainera puntuak ematen dituen horietakoa: Lertxundi. Ez zen aurten Lertxundik marka itzelak egiteko urtea, baina haren dohain naturalak Zabaltzaren zerbitzura jarri ditu, eta harro egoteko moduko lasterketa burutu dute biek.

Joan da Behobia, eta erronka berriak ezartzeko unea da: bertan dira Zizurkilgo gau krossa eta Satza Memoriala, San Silvestre izenarekin ere ezagutzen dena. Ordura arte, goza dezagun eginikoaz.

Gizonezkoen Senior Kategoriako emaitzak:

92. Agirre 1:10:37
97. Imanol 1:10:40
98. Aitor 1:10:41
99. Endika 1:10:41
860. Urki 1:20:24
876. Iñigo 1:20:31
3969. Olano 1:32:41
4342. Rezabal 1:33:55
5726. Zabaltza 1:37:59
5729. Lertxundi 1:37:59

Aitor eta Agirreri Teledonostik helmugan eginiko elkarrizketa

1 comment:

  1. Earra kronika. Esan bezala badugu denok meritua! Eta azpimarratu aurreko lauak donostiarren TOP10ean sartu direla.

    Eta eskerrak animatzen izan diren guztiei. Nire ustez ia korrikalariok baina txalo gehiago merezi dituzte.

    ReplyDelete