2012/11/08

#BEHOBIASS: Haizea etsai?

Aurreko postean Behobia aurreko astean erritu bilakatzen diren eta aintzat hartu behar diren hainbat ohitura ekarri ditugu gogora, eta gaurkoan asteko beste gai izar horietako bati erreparatuko diogu: Eguraldiari. Iaz txikizio ederra eragin zuen marketan eta baten baino gehiagoren osasunean, baina badirudi aurtengoan ez dugula halako gurutzebiderik eta penitentziarik biziko.

Eguraldi kaskarra iragartzen ari dira han-hemenka iganderako; alegia, eguraldi bikaina korrikaldi baterako. Tenperaturak behera egingo du Euskalmeten arabera, eta nekez gaindituko ditu 13 graduak. Euria ere iragarri dute, eta badirudi bezperan botako dituela zaparrada mardulenak. Hortaz, freskatzeko adinako euria izango dugu etzi damu, baina ezta gehiegi ere.

Haizea izan daiteke korrikalarien etsai nagusietako bat, beraz (Mirakruzez eta Gaintxurizketaz gain, noski). Ipar mendebaldetik joko du haizeak, eta lasterketa Behobiatik Donostiarako norabidean dela kontuan izanda, korrikalariek aurrez aurre izango dute haizea, kontra. Markak egiteko ez da haize norabiderik egokiena, baina jar ditzagun gauzak bere neurrian: haizea kontra bai, baina zenbateko indarrarekin?

Tira ba, Windfinder webgunean iragarri dutenez, 10:00etan orduko 11 kilometroko haizea iragarri dute. 10:30etan da hastekoa lasterketa, eta ordu erdi lehenagokoa da egiten duten iragarpenik gertukoena. Hurrengoa 13:00etarako ematen dute, eta orduko 13 kilometrora igotzen dute haizearen abiadura. Ufada gogorrenak ere orduko 13 kilometrokoak dira, Windfinderren arabera.

Hemen helbidea. Zer deritzozue, indar horrekin kalte handia egingo al du haizeak?

http://www.windfinder.com/forecast/donostia-san_sebasti%C3%A1n

No comments:

Post a Comment