Behobiara begira Suziri Taldeak oinarrizko gomendio batzuk luzatzen dizkizue lasterketa egunerako. Pertsona gehienek ezagutuko dituzten arren beti komeni da errepaso txiki bat egitea. Erabilgarri izango zaizuelakoan:
1) Gosaria 2,5-3 ordu lehenago egitea komeni da. Ez egin esperimentu arrarorik, eguneroko gosariaren modukoa edota aurretik lasterketaren batean probatu duzuen zerbait hartu.
2) Etxetik atera aurretik dortsala eta txipa daramatzazula ziurtatu. Behobia normalean etxetik urrun geratzen da eta bertara iristean zerbait falta dela konturatu ezkero ez dago atzera bueltarik. Ahal bada hobe aurreko egunean dena prest eta txukun uztea.
3) Egun euritsua bada zakar boltsaren aukera gomendatzen dugu, norberak bere etxean egina. Honen bidez lasterketa hasi bitartean gorputza lehor mantentzea da helburu. Irtetzerakoan Hulk moduan apurtu eta albo batera jaurti.
4) Euriaz gain hotza bada kamixeta edota jertse zaharrak (armairuan lekua hartu besterik ez duten horiek) eramatea da onena. Irteeran aldamenera bota eta antolakuntza berak jasotzen ditu lasterkari guztiak irtetean.
5) Gosari eta lasterketa artean hidratatzea komeni da, tarteka ur zurrut txikiak edanaz. Hala ere ez da komeni obsesionatzea eta irten baina 45 min lehenago gelditu. Gainontzean irteera unean puxikak eztanda egitear egon daitezke!
6) Irten aurretik saiatu komunera joaten. Garrantzitsua da korrikan hastean barrenak "garbi" izatea. Antolakuntzak gero eta komun gehiago jartzen ditu horretarako hortaz aprobetxatu itzazu jendea pilatzen hasi aurretik.
7) Behin lasterketa hasita saiatu erritmo jarrai bat eramaten eta ez itsutu zoro moduan irteten diren horiei segika. Ibilbidea luzea eta gogorra da eta posible da haserako gainesfortzuak amaiera izorratzea. Norbera berera eta ahalik eta konstanteen.
8) Halako lasterketetan esperientziarik ez baduzu bidean zehar dauden edari-postu gehienetan tragoxka bat egitea komeni da, batez ere beroa nagusi bada. Konturatu ez arren kilometroak pasa ahala ura galduz goaz eta honek deshidratazio kasu batera eraman gaitzake. Aurten gainera 9,5 eta 14 km-tan edari isotonikoak izango dira.
9) Korrikalari batzuek gel energetikoak eramaten ditu bide erdian hartzeko. Aukera ona izan daiteke baina garrantzitsua da lasterketa aurretiko entrenamenduren batean probatua izatea, ziur izan gaitezen gorputzak ez duela aurkako erreakziorik izango.
10) Azkenik errepidean zeharreko giroaz gozatzea da gomendiorik onena. Denbora ona egin edo ez garaipen bat baita halako proba bat amaitzea.

No comments:
Post a Comment