2013/09/16

Porrontxotan ere korrika

Udako jaietako plaza nagusietako bat dira Egiako Porrontxo jaiak, besteak beste, hasiera ematen diotelako Behobiara arteko Ramadanari. Aurten, ordea, Suziriek ez dituzte soilik Porrontxoen alde parrandazalea baliatu, eta korrika denboraldirako entrenamendu bikaina izan daitekeen Porrontxo krossean hartu dute parte Urkiola eta Olano suziriek.

Atseden unerik gabeko lasterketa da Egiakoa; gogorra, intentsoa lehen metrotik. 6,5 kilometro pasatxoak osatzeko, zirkuitu aldapatsuari bi itzuli eman behar zaizkio. Gauzak hala, ziztu bizian abiatu ziren gure bi suziriak lehen metroetan, maldan beherako abantaila probestuz. Lasterketa hasi aurretik, ordea, nabaria zen han biltzen ari ziren korrikalariak ez zirela nolanahikoak, eta horiek ere lehen unetik sartu zuten bosgarren martxa.

Aurreko taldea begiz jota zuela egin zuen lehen itzulia Urkiolak, eta atzerago Olanok. Justizia epaitegitik Mundaizera, handik Gladys Eneara, eta hortik aurrera komeriak. Ametzagainako aldapak bere justizia ezarri zuen, eta aldeak handituz joan ziren pixkanaka. Arnas uneak izan ziren berriz ere Egiako puntu altuenetatik Bukowski aldera jaistekoak, baina gure suziriak hasiak ziren Ametzagainako ajeak hanketan nabaritzen.

80 korrikalari baino ez ziren izan lasterka Egian, eta, proba motza bazen ere, gure suziriek bakar-bakarrik igaro behar izan zituzten metro asko; handiak ziren korrikalarien arteko tarteak, eta bi suziriek ezin izan zuten taldean joatearen abantailaz gozatu. Nolanahi ere, bigarren aldiz ekin zioten aldapatzarra igotzeari; pausoa laburtu, arnasa hartu, eta azken kilometroetan dena ematera.

Nabarmentzekoa da egiatarrek lasterketan zehar jarritako giroa. Bukowski parean aurrena eta Ametzagainako maldetan gora hurrena, auzotarrek gogotik animatu zituzten lasterkariak, Egiako kaleak Tourmaleten gora ikusi ohi diren bidezidorren tankera hartuz. Haien txalo eta oihuek hauspotu zituzten korrikalariak.

Azkenik, 26:27ko denbora eginda helmugaratu zen Urkiola, hemezortzigarren postuan sailkatuz. 3:53ko erritmoan osatu zuen lasterketa gorabeheratsua. Olano, berriz, nabarmen atzerago heldu zen, baina 30 minututako langatik bera hura ere; 29:57, 44. postuan, 4:27ra. 

Korrika ibili ziren suziriez gain, bertan izan ziren animoak ematen Ane, Itsaso, Rezabal eta Endika. Bi lehenek egindako bideoei esker osatu dugu bideoa.
 
Hurrengo geltokia, Igeldo.


No comments:

Post a Comment