2013/09/23

III. Igeldoko Suziri Igoera

Beste urtebetez lagunok Igeldoko Igoera ospatu genuen aurreko larunbatean. Hirugarren edizioa dugu iada, eta klasiko bat bihurtzen ari denaren sentsazioa geratzen zaio bati. Aurtengoa zoritxarrez lasterketa berezia izan da, gure Imanolek ezin izan baititu Igeldoko harri txingorrak astindu. Hala ere birritan esan dugun moduan, ez gaituzte berehalakoan geldituko, eta horrexegatik txapeldun handia gogoan izanik maldan gora jarri ginen larunbatean. Aipatu berriz, albiste pozgarri moduan, lasterkari berriak ere izan genituela: Herrero, Ander, Ansorena, Xabier eta Nekane. Huts egin ziguten tamalez Agirre, Landa, Aldasoro eta Oihanak, baina ziur hurrengo urtean bertan izango ditugula.

Azken proba, aurreko urteetan ez bezala, goizez antolatu genuen. Esan liteke gustokoago dugula arratsean egitea, baina kasu honetan ere futbolak markatu zigun ordutegia. Honela bada, eguraldi eder baina bero batekin elkartu ginen Ondarretako pasealekuan. Kotxeak Igeldoko Polipasora utzi eta behera jeitsi ostean, hankak pixkat berotu eta Igeldoko aldapa gogorrak erasotu genituen. Hasera benetan bortitza du portuak, eta lehen metroetan iada guztiz apurtu zen taldea, Erregerenatarrak garaipenaren bila abiatu zirelarik. Lehia estua espero zen bien artean, Imanol eta Agirreren faltak faborito bakar gisa uzten baitzituzten. Hala, haseran biak elkarrekin eutsi arren, Endikak anaia atzean uztea lortu zuen. Aitorrek ez zuen behar bada egunik onena izan, baina Endikaren sasoi puntuak ikaratuta gaitu. Ba ote mugarik mutil gazte honek?

Gainontzekoen artean (beste azkarrak bezala ezagunak, xD), Urki izan genuen lehena. Entrenamenduak serio daramazki eta emaitzak azalekoak dira, aurreko urteko marka pertsonala erraz hobetu zuelarik. Atzerago eta bihotza ahotik bota beharren Iñigo iritsi zen, indartsu hasi eta ostera garesti ordainduta. Ez zen urruti ibili Paul. Mendi lasterkari bikaina dela badakigu, eta posible da dituen belaun arazoak bere benetako maila ikusten utzi ez izana. Indartsu bueltatuko da ziur. Hurrena Iñigo Herrero izan zen, aurtengo fitxaketetako bat. Arraun denboraldia bukatuta gorputza nahiko astindua izango du, ta hala ere betiko moduan maila bikaina eskeini zuen. Atzetik jarraian berriz Unai. Tendinitis arazoekin ibili da mutila baina ikusten da lesioa atzean utzi eta goruntz doala. Fijo bat beti bezala. Beranduxeago helmugaratu zitzaigun Olano jauna. Aurten esperantza handiak jarrita ditugu beregan, eta badakigu lasterketa ofizialetan zeresana emango duela. Ez zuen ordea bere denborarik onena egin, baina esan bezala salbuespen bezala hartu dezakegu. Atzerago Alex, argazkietan ikusi daitekeen moduan irribartsu. Dena eman ote zuen? Soberan ote zihoan? Joker galanta dugu dudarik gabe. Hurrena berriz aurtengo sorpresetako bat, Xabier alegia. Badakigu zelako maila duen bizikletan, baina beti izan du zokoratuta lasterka egitearena. Denboraldi honetan animatu zaigu eta espero dugu jarraitasuna eman diezaiola, ziur baikaude bere ahalmenaz. San Silvestrean ikusiko ote dugu lehian? Ez oso urruti Ander, gure exiliatu poloniarra. Uste dugu azken hilabete hauetan bere edari energetiko kuttunena vodka izan dela. Adaptazio mailan egongo da oraindik ziurrenik, baina beti bezela urte zaharreko lasterketan egurrean ikusiko dugu. Jarraian berriz Ansorena iritsi zitzaigun, aurtengo nobedadeetako bat. Azken hilabetetan bizikleta zein lasterka serio jarri da eta denboraldiari begira ziur gaude etengabe goruntz egingo duela. Ez zen larunbatekoa estreinurik errazena izan, baina ziur hurrengo hilabetetan txip-ak astintzen ibiliko dela. Eta azken txanpan, baina akaso meritu gehienarekin, Nekane helmugaratu zen. Partaide emakumezko bakarra berau, gogor eutsi zion erronkari eta atsedenik gabe egin zituen 6,5 km-ak. Behobia buruan duelarik, ikusteko dago zelako marka egingo duen bertan. Adi egon beharko gara, hori ziur.
Azkenean sari banaketa eder baten ostean potetxo bat hartu eta hurrengo urtean errepikatzeko asmoz jeitsi ginen Donostiara. 

Jarraian sailkapena bat uzten dizuegu (* duten denborak gutxi-gora-beherakoak) eta baita geroxeago etorriko den bideoaren aurrekari bat:

1. Endika 28:35
2. Aitor 29:50
3. Urki  30:59
4. Iñigo A. 31:58
5. Paul  33:04
6. Iñigo H. 34:25
7. Unai 35:00
8. Jon O.  39:51
9. Alex  41:30*
10. Xabier C. 44:00*
11. Ander 45:00*
12. Xabier A. 46:00*
13. Nekane 47:28



2 comments:

  1. Usteak erdiak ustel. Literalki, gainera, kasu honetan. Egia erdia esan duzu: vodka aipatu duzu, baina edari energetiko kuttunaren erdia baizik ez da hori. Utz iezadazue azaltzen; emango dizkidazue eskerrak beste batean.

    Txupito edalontzia hartu lehenik. Ondoren izozkailutik atera vodka botila bat, ahal dela bikaina, bestela ona edo balekoa ("Vinos y Licores Eceiza" dendan aurki dezakezue genero egokia, Prim eta Urdaneta kaleen kantoiak #publizitartea). Txupitoaren 2/3 vodkaz bete ondoren, bigarren osagaiaren txanda da: mugurdi-siropea, edo espainol jatorrean, sirope de frambuesa. Frambuesa-siropea, euskañol jatorrean orain, ez dut Donostian aurkitu, baina marrubi-siropea bai (Solbes-en #publizitartea). Txakur goseak artoa amets, erabili hori eta kitto.

    Vodka txupito ia betea (ala apenas hutsa) 30º biratu eta isuri pixkanaka siropea edalontziaren horman behera. Dentsitateak bere lana egingo du, eta siropea edalontziaren hondoan pilatuko da. Pauso hauek guztiak egoki jarraitiuz gero "Patriot" bat izango duzue eskuartean, hau da, Poloniako bandera likido egoeran. Hau lortzea erraza da lehenengo saiakeran, baina asuntua misteriotsuki konplikatzen da segidakoetan, edandako txupito kopurua gora doala.

    na zdrowie!

    pd.: Edonola ere, plan polita izan zen :)

    ReplyDelete
  2. Artista zera egero Ander. Ikusten det Polonian bi hilabetetan nik urte guztian baina gauza dezentez gehiago ikasi dituzula. Ea noiz dastatzen dugun Patriot hori

    ReplyDelete