2013/03/20

Urkiola, "maraton man"

2011. urtea. Suziri Taldea sortzekoa zen, eta gerora suziriak izango zirenek jomuga ezberdinak zituzten buruan; triatloiak onenek, Behobia gehienek. Taldea izango zenak erronka gutxiri egiten zien muzin, baina apenas aipatzen zen “maratoi” hitza. 2011n hasi zen Urki hitz hori erabiltzen, eta erreakzio antzeratsuak jaso zituen lagunen aldetik: “pitzatuta zaude”, “hori ez da sanoa”…
Bi urte geroago, “erokeria” hura egi bilakatu du gure Enekok, Suziri Taldearen lehen maratoia osatuz. Hiru hilabete, 57  entreno eta 707 km utzi ditu atzean, eta bide gogor horretan lagun izan ditu euria, eguzkia, haizea, gimnasioa, erbiak eta abarrak. Igandean jaso zuen horrenbeste landutako uzta.

Bartzelona izan da maratoilariaren lehen “biktima”. 08:33etan abiatu zen Espanya plazatik, eta agudo egin zituen lehen kilometroak, erraz. Sirimiria alde izan zuen lasterketaren hainbat puntutan baina, eguraldia eguraldi, 46:00ko denboran igaro zituen lehen 10 kilometroak; 4:36ra kilometroa. Zirkuitoa gogorra da lehen kilometroetan Camp nou ingurura igotzen baita.

Aurpegi onari eta erritmo jarraiari eutsi zion hurrengo kaleetan ere, eta Diagonal kale luzea ere aise gainditu zuen. Konturatzerako, egina zuen maratoiaren lehen erdia: 1:35:34. Nabarmentzekoa da, besteak beste, bide bazterrak zalez beteta zeudela lasterketaren hainbat puntutan, eta txalogarria izan zen bereziki Joxeanek eta Anek eginiko “beste maratoia”; Bartzelona alderik alde zeharkatu zuten metroan, gure maratoilariari animoak-eta gelak-emateko.

42 kilometroko bigarren herenean hasi ziren komeriak, teorian zirkuitoko zatirik errezena bazen ere. Boxes-etan geldialditxo bat egin behar izan ondoren, kilometroek gero eta pisu gehiago zuten Urkiren hanketan, hain ezaguna den "muro"arekin aurkitu zen. Forumerako bidean, 30 kilometrora iristear hasi zitzaion erbia lanean, eta martxa bat jaitsiz ekin zion probaren azken laurdenari.

Gogorra, latza izan zen azken txanpa. Ordekarik lauenek ere mendateak ziruditen, baina ingurukoak ez zeuden hobeto; lasterkari bat baino gehiagok egin zituen metro ugari oinez. Urkik, berriz, erritmoa nabarmen jaitsita eta oinazeak goitik behera hartuta, baina ia ez zion korrika egiteari utzi. Bizpahiru eten, bikiak luzatu eta zintzurra bustitzeko. Azken kilometroak falta ziren.

Hankak ahulduta baina biriketatik ezin hobeto, giroaz gozatu ahal izan zuen Bartzelonako kale ezagunetan zehar. Zaleek bide estua uzten zieten korrikalariei, eta estilo askotariko musika taldeek ere girotzen zuten proba. 40 kilometroko muga ere gaindituta, gogotsu eta indarrak atereaz egin zituen Urkiolak azken bi kilometroak. Plaza Espanyako jendetza han zen zain, eta gure protagonista ere aipatu zuen speaker-ak helmugaratzean. Azkenean, 3:25:32ko marka ederra eta 2882. postua, 18.000tik gora partaidetik.

Zorionak beraz gure maratoilariari balentriagatik eta baita Suziri Taldeari ere, muga guztiak pausoz pauso hausten ari baita taldea. Egurra!!!

Hemen emaitzen eta bideoaren enlazea:

No comments:

Post a Comment